Ikasturte berriari heldu dio Ikasle Abertzaleakek. Aurreko asteburuan Eskola Ibiltaria izan zen Anoetan (Gipuzkoa) eta Villabonan (Gipuzkoa), eta gaur, beste hitzordu garrantzitsu baten berri eman du agerraldi baten bidez: ikasleak grebara deitu ditu urriaren 27rako, "politikarien iruzurrari eta hezkuntza erreformei aurre egiteko", eta "ikasleon arazo errealak gaindituko dituen hezkuntza sistema bat" aldarrikatzeko. Hezkuntzan ofentsiba kapitalista gelditu! lelopean egin du greba deialdi berria, Gasteizen (Araba), Eusko Legebiltzarraren aurrean.
Hego Euskal Herri osoko ikasleei egin die IAk hilabete amaieran grebara batzeko deia; hain zuzen, Bigarren Hezkuntzakoei. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egingo dituzte mobilizazioak urriaren 27an: 11:30ean izango dira Donostiako (Gipuzkoa) eta Gasteizko mobilizazioak, hurrenez hurren, Bulebarretik eta Andre Mari Zuriaren plazatik hasita, eta 12:00etan hasiko dira Iruñeko (Nafarroa) eta Bilboko (Bizkaia) manifestazioak, Sarasate pasealekutik eta Eliptika plazatik, hurrenez hurren.
"Aurreko ikasturtean zehar finkatutako erreforma-legeen ezarpenarekin hasi dugu ikasturtea, eta hankaz gora da hezkuntza esparrua: ikastetxe eta zentroen noraeza, neurri berri horien guztien gaineko ezjakintasuna eta desados agertu garenon isilaraztea", esan dute IAko kideek gaurko agerraldian. "Ofentsiba kapitalistak aurrera darrai, eta instituzio eta agintari politikoen kudeaketa ankerrak Kapitalaren erasoa egikaritzen eta bideratzen laguntzen dute", gaineratu dute: "Horregatik, IAtik, erreforma prozesu horren aurrean antolatu eta kaleak hartzeko deia luzatu nahi dugu".
Hezkuntza ere ofentsiba kapitalista bete-betean
"Bizitzen ari garen krisi kapitalistaren ondorioz, Kapitala irabazi-dinamika ziklo berri bat artikulatu nahian ari da. Krisiak finean dakarrena gizarteko egitura nagusien berregokitzea da", seinalatu du IAk. Horrek badu isla hezkuntzan ere, ikasleen esanetan: "Hezkuntza sistema kapitalistak aldaketak egin behar ditu bere forman eta edukian. Izan ere, hezkuntza metaketa-ziklo kapitalisten beharren arabera diseinatzen da, eta sistema kapitalistan merkatuak behar duen lan-indarra ekoizten da bertan. Horren ondorioz, elite ekonomikoek norabidetutako eta politikari profesionalek egikaritutako ofentsiba bizi du hezkuntzak".
Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza lege berria, esaterako, horren erakusle dela salatu du IAk. "Hezkuntza eredu burgesak bere dituen arazo estrukturalei erantzuteko ezintasuna medio", hezkuntza legeak "segregazioan sakontzen" duela azpimarratu du, eta "modu inposatzaile batean egindako prozesu baten emaitza" dela, gainera. Orokorrean, hezkuntza sisteman martxan jartzen ari diren erreformek eta aldaketek "heziketaren desegitea, segregazioa eta hezkuntzaren burokratizazioa" indartzen dituztela uste dute IAko kideek.
Edukiaren garrantzia kolokan
"Heziketaren desegitea" seinalatzean, hezkuntzako "edukia husten" ari direla esan nahi du IAk; "hau da, jakintza garatzearen garrantzia albo batera uzten ari da, eta formakuntzaren debaluazio bat izaten ari da". "Ikastetxeak, bitartean, diziplinamendurako zentro bilakatzen" ari direla azaldu du; besteak beste, "metodologia aldaketen, konpetentzia jakin batzuen ebaluazioaren, autoritarismoaren eta infantilizazioaren bitartez".
"Hezkuntzak Kapitalaren behar produktiboei erantzuten dien heinean, alegia, lan-indarraren ekoizpenari, lanaren sinplifikazioak heziketa kualifikatuaren beharra gero eta txikiagoa izatea dakar. Horren txikia da edukiaren garrantzia, maiz, irakaslearen araberakoa dela irakasgaia gainditzea edo ez", gaineratu du ikasle antolakundeak.
Bereizketan barrentzen
Bestalde, segregazioari lotuta, azaldu du hezkuntzan bizitzen ari den prozesu horrek ez diela berdin eragiten "ikasle txiroenei eta dirudunei". "Proletarizazio prozesuak hezkuntza kualifikatuaren elitizazioa dakar. Hekuntzak ez du interesik proletalgoa heziketa prozesuan denbora luzez mantentzeko, eta, era berean, heziketa prozesuak gero eta gutxiago asetzen ditu proletalgoaren beharrak", nabarmendu dute IAko kideek: "Familia askorentzat sostengaezina bilakatzen ari den inbertsio bat da hezkuntza, gaur-gaurkoz, etorkizun ziurgabe bat besterik ez duena atzetik. Egoera itogarri horrek lan mundura sartzea azkartzen du, kualifikatu gabeko ikasle hori lan prekarioetara eta isolamendu sozialera kondenatuz".
"Finean, gizartearen eraldaketa garaiotan, hezkuntza ere behar sozioeonomiko berrietara egokitu behar da. Gastu sozialerako aurrekontuen murrizketak bete-betean kolpatzen du hezkuntza, eta errentagarria izan dadin egokitu beharra dauka", ondorioztatu dute. IAren esanetan, hainbat eragin ditu horrek guztiak; adibidez, "heziketa prozesuaren garestitzea". "Arrakala digitala, oinarrizko bitartekoen kalitatearen jaitsiera... Hezkuntzarako sarbidea gero eta mugatuagoa da, izan ere, gero eta familia gehiago dira pobrezia-egoeran bizi direnak eta hezkuntzaren kostuari aurre egieko zailtasunak dituztenak", gogorarazi du.
Ohartarazi du, gainera, Espainiako Estatuko "autonomia erkidegorik segregatzaileena" dela EAE, eta "norabide horretan sakontzeko asmoz datorrela" mahaira atera duten hezkuntza lege berria, "ikastetxe pribatu eta kontzertatuei ateak irekiz".
Akordioak sastada
Greba deialdia egitean, beste puntu bat ere seinalatu du ikasle antolakundeak: "hezkuntzaren izaera inposatzailea". Salatu du, izan ere, "agente pribilegiatu batzuen" esku daudela hezkuntza sistemari buruzko erabakiak, eta horren adibide dela EAEko hezkuntza akordioa. "Lau alderdi parlamentarioen arteko akordioa izanda, hezkuntza komunitatea osatzen duten beste sektore batzuk guztiz bazter gelditu dira, eta oposiziorako aukera oro neutralizatu da. Progresismoaren izenean argi gelditu da politikariek hezkuntzaren gainean duten interesa komuna dela: aipatutako norabidean sakontzea", zehaztu du EAEko hezkuntza legeari dagokionez.
Hain zuzen, alderdi horiek defendatutako interesak "proletalgoaren interesei kontrajarriak" direla salatu du IAk: "Garbi dago miseriaren kudeaketan diharduten horien programa politikoak ezin duela aipatutako norabidea erreproduzitu besterik egin, eta, beraz, ezin dugu hezkuntzaren arazoen konponbidea legeen aldaketa konkretuetan kokatu". Hortaz, beharrezkotzat jo du "guztion esku egongo den eta doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala izango den hezkuntzaren eraikuntzan aurrerapausoak ematea".
Bide horretan, martxan diren erreformen eta erasoen aurrean kaleak hartzera deitu dute IAko kideek, eta horri lotuta antolatu dute urriaren 27ko greba. "Politikarien iruzurretik at, hezkuntza legearen eta erreformen aurrean, langile klasearen interesen defentsan antolatu behar gara", aldarrikatu dute.