AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/10/03 08:59

Ikasturte berria hasi da, eta horren isla izan da aurtengo Eskola Ibiltaria. Ikasle Abertzaleakek urtero antolatzen du ekimena, eta oraingoan, Villabonan (Gipuzkoa) eta Anoetan (Gipuzkoa) izan da bi eguneko egitaraua, Antolakuntzaz bidea egiten lelopean. Ostiral arratsaldean bertaratu ziren Villabonara ehunka ikasle, eta larunbatean mugitu ziren Anoetara.

Egunez egun

Villabonako Zubimusu Ikastolan izan zen harrera ostiralean, eta arratsaldean zehar lau tailerretan parte hartzeko aukera izan zuten ikasleek. Hain zuzen, ikastetxeetako erronkei buruzko tailer bat, autodefentsa fisikoa lantzeko tailer bat, Euskal Herriko hainbat ikastetxetan egon diren borroka-esperientziei buruzko tailer bat eta agitazioari eta propagandari buruzko tailer bat izan ziren Villabonako lau puntu desberdinetan.

Gauean elkarrekin afaldu zuten guztiek Zubimusun, eta horren ondoren izan zen gaubeila, leku berdinean. Magia ikuskizun bat eskaini zuen Iago Magok, eta bakarrizketak ere izan ziren Pello Madariagaren eta Julen Portilloren eskutik.

Villabonako Beartzana frontoian egin zuten lo ikasleek, eta han gosaldu ondotik hasi ziren hitzaldiak larunbat goizean, bi tokitan banatuta: Gurea Zineman eta Zubimusun. Hezkuntza instituzioak interbentzio kulturalerako tresna gisa hitzaldian, hain zuzen, sistema kapitalistako hezkuntza sistema xehatu zuten hizlariek, "belaunaldi gazteen ohituretan eta pentsamenduan eragiteko mekanismo" modura aztertuta. Hala, "esku-hartze horrek hartzen duen formaz eta aurre egiteko moduez" aritu ziren. Mundu ikuskera kapitalistaren gaindipenaz hausnartzen saioan, berriz, "kapitalismoaren hegemonia ideologiko eta kulturalaz" hausnartzea eta pentsaraztea bilatu zuten hizlariek, "gizarte antolamendu berri bat irudikatzeko eta eraikitzeko beharrari" azpimarra eginez.

Hitzaldien ostean ekin zioten Eskola Ibiltariak beti barne hartzen duen ibilaidiari, Beartzana frontoitik hasita. Anoetara iristean, han bazkaldu zuten gazteek. Arratsaldean, bestalde, Olinpiadak izan ziren Anoetako plazan, eta ikusmina sortu zuten jokoek.

Iluntzean izan zen Eskola Ibiltariko ekitaldi nagusia, Anoetako frontoian. Horren ondoren hasi ziren kontzertuak, bi gunetan: frontoian eta Anoetako Gaztetxean. Ithaka, Muttiko, Tatta eta Denso, Lukiek, DJ Enjoy, AS04, Tasuri eta HBikoitzaR, Ukabil, RPG7, DJ Filla eta DJ Black Hobbit aritu ziren gau osoan zehar.

Borroka egiteko ikasturte berri bat

"Beste urtebetez formakuntza teoriko eta politikoan sakontzeko, borroka komunitatea indartzeko eta aisiaz gozatzeko aukera eman digun ekimena" da Eskola Ibiltaria, IAko kideek larunbateko ekitaldi nagusian azaldu zutenez. Gehiago zehaztu zuten: "hezkuntza burgesean jasotzen dugun formazio ideologiko, tekniko eta kulturalaren ordez, prozesu sozialista indartzen" duen ekimen bat da Eskola Ibiltaria; "burgesiaren interbentzio eta kontrol mekanismoetatik aldenduta, proletalgoaren beharrei zuzenean erantzuteko gai den formakuntza eredua" eta "proletalgoaren eskola".

Hala, hasi berri den ikasturteari dagokionez, IA martxan dagoela jakinarazi zuten. "Ikasturte berriarekin batera ireki dira antolakuntzarako ateak ikasle dinamika eta borrokarekiko jakin-mina duen ikasle horrentzat", esan zuten: "Atea zeharkatu eta zergatik eta zertarako antolatu galdetzen digunaretzat, badaukagu erantzuna: ikasle langileon interesen aldeko borrokan murgiltzeko, norbere erabakien ondorioen kontzientzia duen gazteria eraikitzeko, heldutasuna eta erantzukizuna ardatz duen prozesua elikatzeko eta proletalgoaren interesen defentsan eraikiko den hezkuntza eredu berriari forma emateko".

Ikasitakoak eta borrokatutakoak

"Atzean utzitakotik" ikasitakoa ere izan zuen gogoan IAk ekitaldian. "Antolakuntzaren potentzia agerian utzi duen ikasturte batetik gatoz, horren adibide izanik ikastetxez ikastetxe bai eta unibertsitatean egindako borroka-prozesuak eta lan militante konprometitu eta iraunkor baten bitartez lortutako garaipenak", adierazi zuen. Hala, aurreko ikasturteko hainbat borroka-esperientzia gogorarazi zituzten IAko kideek; esaterako, "Gasteizen (Araba) ikasleon kontrolerako ezarritako LUGUS plataformaren kontra egindako borroka, Azpeitian (Gipuzkoa) doako garraioaren aldeko egindako dinamika edota Gasteizko unibertsitatean [EHUko campusean] politika egiteko eta antolatzeko beharrezkoa zaigun espazioa eskuratu izana".

Miseria iraultzeko bermea

Gaur egungo egoerari dagokionez, eta "krisi ekonomiko" bete-betean, IAko kideek seinalatu zuten "burgesiak abiatutako ofentsibak alderik alde zeharkatu" dituela "gure bizitzak, esparru guztietan eraginez eta, ikasleon kasuan, gure ikas- eta bizi-baldintzak okerragotuz". "Gainera, ziklo ekonomiko berrira moldatzeko, bai eta gastu sozialerako aurrekontuen murrizketetara egokitzeko, hezkuntza erreforma prozesu sakon baten murgilduta dago" burgesia, IAren esanetan.

"Horren aurrean, [aurreko ikasturteko] martxoan egindako ikasle grebak argi erakutsi zuen posible dela politikari profesionalen dimentsio mediatikotik eta ideologikoetatik kanpo jende andana helburu eta aldarri komun batzuen baitan antolatu eta mobilizatzea", aldarrikatu zuten: "Are gehiago, funtsezkoa deritzogu politika burgesaren logikatik at antolatzeari, errealitatea bere osotasunean iraultzeko asmoz".

"Miseria garaira kondenatzen gaitu gaur egungo hezkuntza ereduak, eta hori iraultzeko modu bakarra Hezkuntza Sistema Sozialistaren eraikuntza da", nabarmendu zuten ekitaldian: "Haur eta gazte proletarioen adimenaren kontrako eta soldatapeko langile otzanak, ergelduak eta eduki existentzialik ezera ohituak sortzeko bitartekoa da hezkuntza eredu kapitalista. Horren aurrean, gazte esklabo eta atomizatuak sortu ordez, gizateria aske bat eratzeko bidea da Hezkuntza Sistema Sozialista. Hezkuntza doako eta unibertsalerako bermea".

IAko kideek jakinarazi zuten "determinazio osoz erantzungo" dietela ikasturte honetan ere parez pare topatuko dituzten "erronkei", "antolakuntza komunistaren baliozkotasuna frogatuz". "Konpromisoz eta umiltasunez, Ikasle Abertzaleok hezkuntzatik prozesu sozialistan gure alea jartzen jarraituko dugu", gehitu zuten.

EZ DAGO IRUZKINIK