ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Marisol Ramirez/FOKU
2024/10/24 08:55

2024an, 12.300 milioi euroko inbertsioak egiten ari omen da Iberdrola energia-enpresa, inoizko handienak, eta zuzendaritzak dio horrek laguntzen diola etekinak handitzen. Urtea hasi zenetik joan den irailera bitartean, 5.471 milioi euro irabazi ditu enpresak, argitaratutako azken datuen arabera. 2023ko denbora-tarte berdinean baino %50,4 gehiago irabazi du, hortaz.

AEBetan zein Erresuma Batuan egindako inbertsioez gain, Mexikon hainbat aktibo saldu omen ditu Iberdrolak. Hori ere izan omen da irabaziak areagotzeko arrazoi nagusietako bat.

2024ko lehen hiruhilekoan 2.760 milioi euro irabazi zituen, 2023ko azken datuekin alderatuz gero, %86ko igoera bat lortuta. Joera berari eusten badio, inoizko emaitzarik onenarekin amaituko du urtea Iberdrolak, marka guztiak hautsita. Enpresaren aurreikuspenen arabera, 5.500 milioi euroko irabaziak izango ditu urtearen bukaeran. Bitartean, Espainiako Estatuan, pil-pilean dago energia-enpresa handiei eta bankuei ezarritako zerga handiei buruzko eztabaida.

Iberdrola, epaitua iaz

2023ko urrian, Iberdrolako zuzendaritzako hainbat arduradun epaitu zituzten Espainiako Auzitegi Nazionalean, akusazio argi batekin: 2013an, argindarraren prezioa igotzeko sistema bat prestatzea egotzi zieten. "Energia elektrikoaren prezioaren igoera eragitea eta kontsumitzaileei kalte egitea" zen enpresaren asmoa, akusazioaren arabera.

Hotza gero eta etxe gehiagotan

Negua hurbiltzen ari da, eta Iberdrola bezalako energia-enpresek aberasten jarraitzen duten modura, etxea berotzeko zailtasunak hedatzen segitzen du. Bizi-Baldintzen Inkestak utzitako datuak kezkagarriak dira oso: Hego Euskal Herrian, ia hamar etxetik bitan pasatu zuten hotza 2023ko hilabeterik hotzenetan. 2012tik hona, hirukoiztu egin da EAEn etxea berotzeko zailtasunak dituzten familien kopurua, eta bikoiztu egin da Nafarroan.

NO HAY COMENTARIOS