ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/02/07 11:50

Martxoaren 13an, grebara joko dute Euskal Herriko ikasleek, "aski dela" esateko. Ikasle Abertzaleak (IA) antolakundeak egin du mobilizazio-deialdia, "gorakada erreakzionarioaren aurka eta ikasle langileon interesen alde". Izan ere, "hezkuntza-sistema kapitalista zeharkatzen duten bi arazo handi" nabarmendu ditu: "gizarte osoan zehar hedatzen ari diren ideia erreakzionarioak hezkuntzara ere iritsi" direla, eta "ikasle langileon egoera urtez urte okerrera" egiten ari dela.

Horren guztiaren kontra mobilizatzeko beharra ikusi du IAk, "ikasleria aktibatzeko eta ikasleon artean matxismoaren eta arrazakeriaren aurkako kontzientzia hedatzeko". Horri lotuta, "ikasle langileon interesen aldeko borrokak piztu" nahi ditu Euskal Herriko hezkuntza-zentroetan, eta bide hori elikatu nahi du martxoaren 13ko grebaren bidez.

Erreakzioa, klasismoa eta segregazioa

Ikasle-antolakundeak Iruñean egin du agerraldi bat, deialdia aurkezteko. Ikasle militanteek kezkaz seinalatu dute "ideia eta jarrera erreakzionarioak, matxistak nahiz arrazistak normalizatzen" ari direla "kalean, sare sozialetan eta instituzioetan", eta hezkuntza ez dagoela "joera sozial horretatik salbu". Horren islatzat jo dute, indarkeria matxistari dagokionez, "aspaldiko ikasturterik okerrena" izatea honakoa; "Urretxindorran, Eunaten, Hirubiden, Arrigorriagan, Botikan, Lekeition, Gasteizen, Zizurren edo Irunen gertatutakoek erakutsi bezala". Eta unibertsitatea ere izan da horren adibide, IAren esanetan: Leioako eta Gasteizko campusetan irakasle faxista bana kontratatu du Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU/UPV), eta propaganda faxista agertzen da astero.

Bestalde, ikasle langileek hezkuntzan jasan behar dituzten baldintzak gero eta okerregoak direla salatu dute IAko kideek. "Inbertsio publiko faltan, ratioekin, azpiegiturekin eta bestelako zerbitzuekin gero eta arazo gehiago ditugu, eta egoera horretan kaltetuenak ikasle txiroenak dira beti, familia dirudunetako ikasleek baldintza hobeetan ikasten duten bitartean", azaldu dute. Horrek guztiak "hezkuntza-eredu klasista eta segregatzaile" bat dakarrela uste du antolakundeak, eta "arazo larri" bihurtu dela hamaika herritan. Unibertsitatea, gainera, "zuzenean eta zeharka" garestitzen ari da, eta segregazioan sakontzen du horrek. "Langile familion erosteko ahalmena gutxitzen ari den bitartean, matrikulak garestiagoak eta bekak kaskarragoak dira", ohartarazi du IAk.

Martxoaren 13an grebara, hezkuntza-sistema sozialista aldarrikatzeko

"Ezin dugu egoera hau normalizatzen utzi", aldarrikatu du. Hortaz, beharrezkotzat jo du, batetik, "hezkuntza-eredu klasistari eta segregatzaileari aurre egitea" eta, bestetik, "ikasleok gorakada erreakzionarioaren aurkako agente aktibo izatea", "hezkuntzan matxismoak edo arrazakeriak ez baitaukate tokirik". Horregatik luzatu die ikasleei borroka egiteko eta martxoaren 13an grebara jotzeko deia. Aurrerago emango du mobilizazio zehatzen berri.

Eta xehatu du, gorakada erreakzioarioa salatzearekin eta ikasle langileon interesak defendatzearekin batera, hezkuntza-sistema sozialista aldarrikatuko dutela egun horretan: "Langileon kontrolpeko hezkuntza-sistema sozialistarik gabe, hezkuntza-sistema ez da inoiz ikasleon formakuntza eta garapen askerako espazio izango, enpresarien eta politikarien interesen menpeko espazio gero eta baztertzaileagoa nahiz autoritarioagoa baizik".

NO HAY COMENTARIOS