Hareetz komunikabideak maiatzean jakinarazi zuen: urriaren 7aren ondoren, Israelgo Estatuak Gazako Zerrendan erasoaldi erraldoiari ekin eta lehenengo egunetan, gutxienez hamar militar sionistak egin zuten euren buruaz beste. Horien artean egongo lirateke soldaduak, ofizialak, teniente koronel bat eta goi-kargudun maior bat. Zenbait iturriren arabera, askoz ere gehiago izan dira kasuak iazko urritik.
Hedabideak elkarrizketatutako aditu batek esan zuen bitxiak zirela suizidio horiek, militar modura urte luzez aritutakoak zirelako euren buruaz beste egin zutenak, eta borroka bete-betean hil zutelako euren burua.
Hareetz-ek berak azaldu zuen, orduan, zenbat izan diren azken 50 urteetan suizidatu diren militar sionistak: 1973tik hona, gutxienez 1.277 izan dira. Badirudi armadak berak aitortu duela kopuru hori, baina askoz ere gehiago izan daitezke kasuak.
Estatu sionista, hala ere, datu horiek ezkutatzen saiatzen dela salatu dute hainbat eragilek: "alderdi berekoen suak" hildako soldadutzat jotzen dituzte sarri, eta hainbatetan ez dituzte heriotza horiek baja militar modura erregistratzen.
Itxura denez, euren burua hiltzen ari diren militarren profila, gainera, aldatzen ari da. Lehen, ohikoagoa zen armadara batzen ziren soldadurik gazteenak suizidatzea. Orain, baina, 40 urtera arteko militarren artean areagotu dira suizidioak.