Duela egun gutxi jakinarazi dute Berango (Bizkaia) eta Getxo (Bizkaia) arteko eremu basotsu bat hustu dutela, BI-637 autobiaren ondoan. Izan ere, 2023ko urritik, bertan sortutako zenbait kokalekutan bizi izan dira ia 100 pertsona migrante. Jatorri magrebtarrekoak dira denak, itxura denez.
Badirudi polizia-indarrek duela aste gutxi jaso zutela aipatutako pertsonak egonleku horietatik kanporatzeko agindua. Kanpin-dendak izan dituzte bizitokitzat, lursail pribatu batean jarrita. Zenbait hedabideren arabera, partzela horren jabea izan da Poliziari abisua eman diona eta pertsona migranteak botatzeko eskaera egin duena.
Polizia-indarrek egonleku prekario horietatik bota dituzten arren, inork ez die kanporatutako lagun guztiei bizitoki-alternatibarik bermatu, antza. Deia egunkariak berak aitortu du, esaterako, "saturazioa" nagusi dela "Uribe Kosta eta Getxo inguruko laguntza-baliabideetan", eta horrek "galarazi" egiten duela, "momentuz", "bazterketa soziala jasateko arriskuan dauden pertsona horiei estaldura handiagoa eman ahal izatea".