Espainaiko Estatistika Institutuak (INE, gaztelerazko sigletan) kaleratutako azken datuen arabera, aurtengo apiriletik ekainera bitarte, 176.143.368 bidaia egin dira trenean. Duela hiru urteko egoerarekin alderatuta, bikoiztu baino gehiago egin da bidaiari kopurua. Datuak, oro har, berretsi egiten du azken urteotan gora egin duela garraio publikoaren erabilerak, izan ere, 2024ko azken informazioen arabera (uztailekoak), %7,6 handitu da joan den urteko tarte berarekin alderatuz gero.
Irailaren 17an egindako adierazpenetan, Oscar Puente Garraio ministroak esan zuen "bere historiako unerik onena bizi duela trenak". Ezkerreko gobernuaren hainbat neurriren (hala nola Verano Joven beherapena) norabidean doaz hitz horiek, garraio publikoaren "merketasun" eta "kalitatea" saltzea xede dutenak.
Erabiltzaile kopuruaren igoera handi horrek, baina, agerian utzi du zein den garraio publikoaren, eta bereziki tren-sarearen, benetako egoera: soilik abuztuan, 480 intzidentzia baino gehiago gertatu dira, eta ia gehienak izan dira aldirietako eta abiadura handiko zerbitzuetan.
Garraio Ministerioak berak onartu du halako [Avril] hamar trenetik lau baino ez direla helmugara garaiz heltzen.
Azken horretan, Avril deituriko trenak nagusitu dira. Talgo enpresak ekoiztutako abiadura handiko modeloetako bat da, eta Espainiako Gobernuak dozenaka unitate erosi berri ditu, "tren-sarearen zerbitzua hobetzeko". Haatik, zirkulazioan ibili diren Avril trenen %80k atzerapenak izan dituzte motorretako eta bestelako arazoak direla medio. Garraio Ministerioak berak onartu du halako hamar trenetik lau baino ez direla helmugara garaiz heltzen.
Atzerapenengatik ordaindu beharreko kalte-ordainak murriztu nahi ditu Renfek
Ministerioaren arabera, 2023an, Renfek ia 42 milioi euro itzuli behar izan zizkien bezeroei, atzerapenek eta bestelako arazoek eragindako kalte-ordainetan. Hori dela eta, pasa den uztailaren lehenengoan onartu zuen enpresak "puntualtasun-konpromezua leuntzea".
Uztailera arte, txartelaren balioaren %50 itzultzen zen 15 minutuko atzerapena egonez gero, eta balioaren %100 ordu erdi baino gehiagokoa izanez gero. Orain, ordea, trena ordubete berandutu bada, txartelaren kostuaren %50 itzultzen da soilik
Finean, kalte-ordain kantitatea zein horien zenbatekoa murriztea da neurriaren helburua. Uztailera arte, txartelaren balioaren %50 itzultzen zen 15 minutuko atzerapena egonez gero, eta balioaren %100 ordu erdi baino gehiagokoa izanez gero. Orain, ordea, trena ordubete berandutu bada, txartelaren kostuaren %50 itzultzen da soilik, eta atzerapena ordu eta erdikoa denean bueltatzen da %100a.