Urrian bete dira hiru urte Esklabak izenez ezaguna den eraikineko ezker hegala birjabetu zutenetik. Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak Azpeitiko (Gipuzkoa) Zentro Sozialistaren urteurrena baliatu du "emandako borroken, martxan jarritako proiektuen eta eraikinaren garrantziaren berri emateko". Azken hiru urteetako bidea "malkartsua" izan dela azaldu du, eta agerian geratu dela, batetik, "jabetza pribatuaren auzia" eta, bestetik, "bere baitan eraikitzen diren instituzio burokratikoek gehiengoaren aldeko proiektu politiko bat oztopatzen dutela".
Azpeitiko Udalaren jarrerak "talka horren adibide" direla diote Kontseilu Sozialistako kideek, eta gogora ekarri dituzte udalaren hainbat esku-hartze: "udal gobernuan dagoen alderdiaren aurkako mugimendu bezala definitzea", "baliabide publikoak bertako jarduna oztopatzera bideratzea", hala nola, "argi eta ur mozketak nahiz gelen indar bidezko apropiazioa", edota "baliabide publikoak erabiltzeko oztopoak jartzea". Horren guztiaren aurrean, dena den, "hautu etiko eta politiko posible bakarra" egin zutela azaldu dute Kontseilu Sozialistako kideek: "jarrera erreakzionario horiek borrokatzea".
Politika egiteko akuilua
Hautu horrek, hain zuzen, Esklabetan "jardun politikoa garatzeko baldintzak jarri" dituela azpimarratu dute. Azken urteetan, ondoko espazioak egokitu dituzte eraikinaren ezker hegalean: Euskal Herriko Mugimendu Sozialistaren biltegi bat, oinarrizko elikagai eta produktuen Urola Erdiko biltegia (ehundik gora boluntario aritzen dira proiektuan), lan-gatazkei aurre egiteko bulegoa, etxebizitzak, gimnasio bat, sukalde bat, jantoki bat eta bilera-gelak.
Besteak beste, Ikasle Abertzaleakek, Itaiak, Gazte Koordinadora Sozialistak, Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sareak, Ekida Arte Ekimen Sozialistak, GEDAR LANGILE KAZETAk, hainbat eskualdetako Kontseilu Sozialistek nahiz zenbait gazte asanbladak erabiltzen dituzte azpiegitura horiek guztiak.
Horretaz gain, gogorarazi dute Esklabetan egin izan direla, esaterako, GKSren mintegi politikoak eta Urola Erdiko Kontseilu Sozialistaren batzarrak nahiz jantoki sozialak. Leku horretan izan dira, bestalde, GKSk eta IAk antolatutako aurreneko Gazte Sozialisten Topagunea zein Itaiak deitutako lehenengo Emakume Sozialisten Topaketak.
"Azpeitira mugatzen den proiektu lokal bat izatetik urrun, sozialismoaren eraikuntzan funtzio garrantzitsu bat betetzen duen azpiegitura da Esklabetako Zentro Sozialista, eta borroka politiko honek irauten duen bitartean zilegi izaten jarraituko du, hori baita espazio honen beharra justifikatzen duena: proletalgoaren esklusio egoera eta hura gainditzeko proiektu politikoa", nabarmendu du Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak.
Hona hemen Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak argitaratutako bideoa: