Lau urte barru, Espainiako, Portugalgo, eta Marokoko estatuetan lehiatuko dute 2030eko Munduko Futbol Kopa. Duela lau urte, 2022an, nazioarteko txapelketa ospetsuaren egoitzetako bi Bilbo (Bizkaia) eta Donostia (Gipuzkoa) izateko asmoa iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak (EAJ-PSE-EE). Ordutik, Nazioarteko Futbol Federakundearekin (FIFA) harremanetan egon dira euskal agintariak, eta, iragan astean, proposamen berri bat egin zion Lakuako gobernuak FIFAri: San Mames eta Anoeta zelaiak egoitza bakar bat izan daitezela, bi izan ordez. Ondorioz, murriztu egin dute makroekitaldiaren proiekzioa. Athleticek eta Realak bat egin dute plan berriarekin, baita bi hiriburuetako udalek eta foru-aldundiek ere.
Asmoak asmo, Iñigo Urkullu lehendakari ohiaren eta Pradalesen gobernu-taldeek zalantzan jarri dute aurrez ezarritako eredua, eta nazioarteko erakundeari baldintzak leuntzeko eskatu zioten duela hiruzpalau urte. Izan ere, EAJk Munduko Kopa baliatu nahi du Euskal Autonomia Erkidegoa oro har, eta Bilbo zein Donostia bereziki, nazioartean proiektatu eta inbertsioak erakartzeko. FIFAk, ordea, baldintzak "aurrez ezarrita" zeudela eta "denentzat berdinak" direla erantzun zuen.
FIFAren baldintza itogarriak
FIFAk baldintza ugari ditu ezarrita estadio bat Munduko Koparen egoitza ofizial izan dadin. Lau multzo nagusitan sailkatu ohi dira baldintzok (zelaiaren barruko, inguruko, hiriko eta FIFAren beraren azpiegiturarako), eta agerikoa da ezin direla nola nahi bete. Hona hemen horietako batzuk: zelaiaren barruan, inbertsio izugarriak espero dituzte, 40.000 lagun edo gehiago sar daitezen (horien %10 VIP eremuan), eserleku guztiek estalpea eduki dezaten, zelaietan bestelako ekimenik egin ez dadin txapelketa hasi baino 30 egun lehenago eta astebete beranduagora arte, eta abar. Zelai inguruan, gutxienez bi pantaila erraldoi jar ditzatela eskatzen da; baita 4.000 metro karratuko azpiegitura erreserba dezatela ere, irrati-telebista zerbitzuetarako, eta 550 metro karratuko beste bat kazetarientzat. Gainera, 225 metro karratuko eremu bat eskatzen da sarrerak saltzeko eta 1.000 metro karratuko beste bat boluntarioentzat; zelai bakoitzeko lau entrenamendu-azpiegitura "egoki" egotea; eta beste horrenbeste hotel esklusiboki erreserbatzea, taldeentzat zein epaileentzat.

Egoitza hiriei dagokienez, irrati-telebista zerbitzuetarako nazioarteko zentral bat jartzea eskatu ohi du futbol-federakundeak, 50.000 metro karratu baino gehiagoko hedadurarekin. Zentral horrek esklusibotasuna izan behar du, 24 orduz, txapelketa hasi baino zazpi hilabete lehenagotik eta txapelketa bukatu eta hilabete beranduagora arte. Bestela, auto eta hornidura ibilgailuentzat espazioak egokitzera behartzen dute, baita zelai bakoitzeko zaletuen bi gune egokitzera ere, milaka lagun jasotzeko edukierarekin. Txapelketako garraio-sistema propio bat diseinatzea ere eskatzen dute, eta FIFAk bere irudiarekin harremandutako baldintza ugari ezarri ditu hiri batek Munduko Koparen egoitza izan nahi badu.
Horien artean, esaterako, honako hauek daude: erakundearen goi-bilera eta ekitaldi instituzionaletarako azpiegitura propioa bilatu beharko luke hiriak, eserleku kopuru nahikoarekin; lotarako eta otorduetarako lau edo bost izarretako ostatu propioa eskaini behar zaie goi-kargu, epaile, VIP, federakundeko langile, komertzio afiliatu eta bestelakoei; eta FIFAk merkataritza, marketin eta publizitate patenteak bereganatuko lituzke; adibidez, zerga-salbuespenak ezartzea, hizkuntzen koofizialtasuna bertan behera uztea, txapelketaren antolaketak eta garapenak iraun artean zelaien izena aldatzea edo arreta txapelketatik urrundu dezaketen bestelako ekitaldiak debekatzea. Arestian aipatutako baldintza gehientsuenek, gainera, ezaugarri tekniko oso zehatzak bete behar dituzte.

EAJren zalantzak eta alderdi politikoen arteko ika-mikak
Eusko Jaurlaritzak hainbat "marra gorri" markatu ditu azken aldian, FIFAren interesek harenekin bat egin dezaten: artean, azken urteotan makroekitaldia antolatzeko kostu ekonomikoak izugarriak direlako izan da kexu; baita derrigorrezko arau-aldaketengatik edo euskara eta gaztelerak ekitaldian izaera ofiziala galduko luketelako ere. Era berean, 2030eko udarako hainbat egitasmo ari da antolatzen Bilboko Udala (EAJ-PSE-EE), baina bertan behera utzi beharko lituzke horiek: hala nola, Txirrindularitzako Emakumezkoen Frantziako Itzuliaren irteera, Emakumezkoen Futboleko Champions txapelketaren finala edo errugbi lehiaketen norgehiagokak. Era berean, BBK Live makrojaialdiaren antolaketa zalantzan jarriko luke Futboleko Munduko Kopa Bilbon jasotzeak.
Hori horrela, batetik, maiatzaren 18an eta 19an Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta Iñigo Ansola Bizkaia Buru Batzarreko presidenteak adierazi zuten zalantza ugari zituztela, "FIFAk ezarri dituen baldintza gogorrak zeintzuk diren jakinda" ea makroekitaldia antolatzea "bideragarria" ote den dudan jarriz. Hilabete beranduago, Bizkaiko Foru Aldundiko Zerga eta Ogasun arduradun Itxaso Berrojalbizek eskainitako elkarrizketa batean, beste zenbait adierazpen esanguratsu egin zituen. Besteak beste, zerga-salbuespenarekin zalantzan jarri zuen Bizkaiak eta Bilbok bilduko luketena errentagarria izango ote litzatekeen, kostua ere handia izango delakoan: "Gure irudia kanpora proiektatzeko balio dezake Munduko Kopak, baina berau hemen antolatzeko, ekonomikoki errentagarria izan behar luke".
Bestetik, Elkarrekin Bilbaok galdeginda, Kontxi Claver Bilboko Udaleko Merkataritza, Turismo eta Enplegu zinegotziak agerraldia egin behar izan zuen iragan ekainaren 18an. Besteak beste, FIFAk ezarritako konfidentzialtasunagatik "dena esan" ezin zuela azalduz, nazioarteko ekitaldia jasotzeko negoziazioan hainbat alderdi eztabaidatzen ari direla jakinarazi zuen: ekitaldiko garraio publikoa doakoa izan dadila, hiriko agintaritzak hainbat eskumen gorde ditzala, edo euskarak bere lekua izan dezala makroekitaldian. Hala eta guztiz ere, Claverrek aitortu egin behar izan zuen Bilbok zeresan txikia duela horretan guztian.
Gaiak antzerako ika-mikak sortu ditu Donostian ere. Ekainaren bukaeran, Gipuzkoako hiriburuko PPren eta Elkarrekin Donostiaren udal-taldeek mozio bana aurkeztu zuten udalbatzan. Lehenengoek, Borja Colominas eleduna buru, "Donostia Munduko Koparen egoitza izateko ahalegin guztia egiteko", makroekitaldirako beharrezko finantziazioa "bermatzeko", eta EAJk txapelketaren inguruan zuen jarrera politikoa argitzeko galdegin zioten udal-gobernuari (EAJ). PPko ordezkariek zerga-salbuespena begi onez ikusi dute. Elkarrekin Donostiaren eledun Arantza Gonzalezek, ordea, EAJri eskatu zion ez dezala zerga-sistema FIFAren mesederako moldatu: "Bat-batekotasun handia nabari dugu gaian, eta entitate pribatu batek hiri osoarekin ez luke halako negoziorik egin behar". FIFAk instituzioei agindutako "konfidentzialtasuna" ere auzitan jarri zuen Gonzalezek. Bestetik, Iñaki Gabarainek (PSE-EE) baieztatu zuen "diskrezioa" dela Donostia egoitza izateko bide egokiena, eztabaida publikoak "ez baitio mesede egiten ez ekitaldiaren antolaketari, ezta Donostiari ere". Hala, PSE-EEk informazioaren erabilera okerra aurpegiratu zion Jon Insaustiren gobernuari. Olatz Yarza EAJren Donostiako zinegotziaren azalpenak honako hauek izan ziren: "Ez dugu inolako momentutan irizpiderik aldatu. Munduko Kopa Donostiara ekarri nahi dugu, baina negoziazioak aurrera egin ahala hainbat alderdik zalantzak sortu dituzte, eta era arduratsuan heldu behar zaie alderdi horiei".
Dena dela, Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta bi hiriburuetako agintariek nazioarteko erakundearen baldintzei men egin dietela dirudi. Izan ere, iragan martxoan, FIFAk San Mames eta Anoeta zelaietara bisita egin zuen eta, ordu hartan, lehendakariak aitortu egin behar izan zuen, bisitaren ostean, baldintzak ez zirela aldatu; Jaurlaritzak FIFAren eskakizunen "letra txikia ondo ulertzea" lortu zuela baizik. Hala, proposamen berri bat egiteko azterketa abiatu zuen Jaurlaritzak; eta, orain, erkidegoko gobernuak Bilbo eta Donostia egoitza bakar bat izatea proposatu dio FIFAri. Ondorioz, zelai bakoitzean taldekako faseko bina norgehiagoka jokatu daitezela galdegin dute, launa beharrean. Operazioaren kopuru ekonomikoak ez dira oraindik argitaratu, negoziazio-faseko "konfidentzialtasuna" aitzakia hartuta; baina inbertsio horiek ere erdira jaitsiko lirateke: hainbat hedabidek 35 eta 70 milioi euro artean kokatu dute kostua.

Plangintza alternatibo horrek "hiritarren interes orokorra" aurreko proposamenek baino "hobeto zaintzen" duela esan du administrazioak, eta orain, instituzioak eta futbol-taldeak nazioarteko federakundearen erantzunaren zain daude. Hori horrela, hasiera batean FIFAren Futboleko Munduko Kopa "aukera paregabea" bazen inbertsioak erakartzeko eta Euskadi "mundura zabaltzeko", orain zalantzaz gainezka daude Lakuako gobernua eta tokiko agintariak. Ez da gutxiagorako. Izan ere, FIFAren eskakizun itogarriek eta makroekitaldiaren antolakuntza beharrek oso bestelako aurreikuspenak eragin dituzte.
Interes ekonomikoetatik harago, bestelako ondorioak
Athletici, Realari eta Jaurlaritzako, aldundietako nahiz tokiko agintari politikoei interesatzen zaien arren makroekitaldia bideragarria izatea, inbertsioak erakartzea eta nazioartean proiektatzea, horrelako ekitaldi batek agerian uzten du lekuko langileriak eta bertako sektore zaurgarriek zein nolako kalteak pairatu ditzaketen.
Lehenik, FIFAk zuzen-zuzenean kontrolatuko lituzke hiriak, eta makroekitaldiaren kudeaketa eta koordinaziorako erabaki-gune bakarra bilakatuko litzateke. Futbolaren Munduko Kopa ez da nolanahiko ekitaldia: zalantza gabe, Futbolaren Nazioarteko Federakundeak hirien gaineko kontrol zuzena ezarriko luke, norgehiagoken bueltako dispositiboen, protokoloen, zaletuen guneen, salgaien, negozioen eta zerga-salbuespenaren bidez.
Bigarrenik, instituzioek erreparatu ez dituzten beste alderdi ugari kaltetuko lituzke Bilbo eta Donostia txapelketako egoitza izateak. Esaterako, FIFAren eskariak asetzeko kontrol sozial izugarria ezarri beharko lukete tokiko agintariek, eta zalantzagarria da ea zein polizia-indarren esku geratuko litzatekeen hori. Are, antolatzaileek publizitatean eta marketinean duten interesa ikusita, litekeena da gizarte-eragileen eta antolakunde politikoen aurkako errepresioa areagotzea, eta kaleak zein harmailak aldarri politikoz betetzea galaraztea.
Hirugarrenik, arestian aipatutako baldintzek kolapso ugari eragingo lituzkete hiriguneetan, eta tokiko langileriak mugikortasun-arazoak izango lituzke; baita lanera bertaratzeko arazo handiak ere. Antzerako egitasmoak jaso dituzten lekuetan, gainera, langileei lan-baldintza negargarriak ezarri dizkiete txapelketen bueltan negozioa egin duten enpresek, eta bizilekuen kalitateen erakusleek behera egin dute nabarmen.
EAEko enpresa ugari, Jaurlaritza, eta haren mendeko instituzioak Futbolaren Nazioarteko Federakundearen erantzunaren zain dauden bitartean, Futbolaren Munduko Kopa jasotzeko aukerak bi errealitate bateraezin jarri ditu parez pare: instituzio eta enpresa kapitalisten balizko arrakasta eta oihartzuna, batetik; eta langileen miseria, bestetik.
