ACTUALIDAD / Macrofiestas
Alderdi guztiek jarriko dituzte pantaila erraldoiak hiriburuetan Espainiako Selekzioa ikusteko
Iruñean EH Bilduk, Donostian EAJk, Gasteizen PSOEk eta Bilbon PPk; denek jarriko dituzte pantaila erraldoiak kalean, Munduko Kopako finala emateko. 2024an, Bilbon Eurokopako finala eman zutenean, ikur faxistak eta Cake Minuesa izan ziren bertan.
2026eko uztailaren 15 - 10:08
Alderdi guztiek jarriko dituzte pantaila erraldoiak hiriburuetan Espainiako Selekzioa ikusteko
Eurokopako finalaren emanaldia Bilbon; Cake Minuesa egon zen bertan.

Igande honetan izango da Futboleko Mundu Kopako finala AEBetan, eta finalera sailkatu da Espainiako Selekzioa. Ohikoa izaten ari da hamaika herritan pantaila erraldoiak jartzea kalean, Espainiaren partidak emateko, eta Euskal Herria ez da salbuespena: Gasteizen, PSOEren udalak atzo bertan ipini zuen Espainia-Frantzia finalerdia ikusteko pantaila bat Santa Barbara Plazan.

Dena den, udal eta alderdi politiko gehiagok hartu dute jarrera berdina, Espainiako Selekzioak jokatuko duen finala espazio publikora eramateko. Izan ere, Gasteizen berriz egongo da partida ikusteko pantaila bat, baina ez bertan bakarrik: Iruñean, Joseba Asiron (EH Bildu) alkateak herenegun baieztatu zuen pantaila bat ipiniko zutela kalean Espainiak finalerako txartela eskuratzen bazuen, nahiz eta ez zuen zehaztu non emango duten partidua. Hori gutxi balitz, sanferminetan Zezen Plazan Espainiako Selekzioa kritikatuz ikusi diren pankartak kritikatu ditu Asironek, esanez ez dituela babesten ez adierazpen horiek ez horiekiko kexak.

Donostian, Iruñeko Udalaren hautu berdina egin du EAJren udalak, eta 2024an egin bezala, Izotz Jauregiaren parean egongo da pantaila handi bat finala jarraitzeko: Jon Insausti alkateak atzoko finalerdia izan aurretik iradoki zuen aukera hori. Gipuzkoako beste udalerri batzuetan ere berdina gertatuko da, esaterako, Eibarren eta Irunen (PSE-EE dago alkatetzan bietan).

Hego Euskal Herriko laugarren hiriburuan, Bilbon (EAJ), pantailarik ez jartzea erabaki du udalak. Horri erantzunez, PPk adierazi du berak bultzatuta ipiniko dutela finalerako pantaila bat Bilboko Kasilda Iturrizar parkean. Esther Martinez PPko bozeramaileak hala esan du: "Bilbok gertakari handiak berriz ere harrotasunez, elkarbizitzaz eta errespetuz ospatzea nahi dugu".

Eurokopako finala 2024an: ikur faxistak eta Cake Minuesa

2024an ere antzekoa gertatu zen Espainiak Eurokopako finala jokatu zuenean: pantaila erraldoiak ezarri zituzten hainbat plazatan. Bilbon, adibidez, Kasilda Iturrizar parkean egon zen pantaila, eta aldarri faxista ugari eraman zituzten ikusleek. Cake Minuesa probokatzaile faxista ere bertaratu zen.