ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Herrandarren kaleko etxeen defentsa, 2021eko urtarrilean.
2025/02/03 12:58

Errepresioaren aurrean klase-elkartasuna lelopean, otsailaren 21ean Gasteizen (Araba) mobilizatzeko deia egin du Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Izan ere, egun horretan epaituko dituzte hiru pertsona Gasteizko epaitegian, duela lau urte etxegabetze bati aurre egiteagatik. Zigor altuak eskatzen dituzte haientzat: lau urte eta erdira arteko espetxe-zigorrak eta 25.000 eurorainoko isunak. Epaiketaren egunean, beraz, 10:30ean epaitegi aurrean elkarretaratzera deitu dute, auzipetuei babesa emateko.

2021eko urtarrilaren 26an, Herrandarren kaleko etxebizitza birjabetuak hustu eta hamabost lagun etxegabetu zituzten polizia-indarrek; tartean, hainbat familia eta adingabe. Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak, baina, etxe-kaleratzearen kontra protesta egitera deitu zuen, eta jende ugari bertaratu zen huste-arriskuan zeuden etxeak defendatzeko asmoz. Ertzaintza bortizki oldartu zitzaien: gutxienez lau pertsona zauritu eta ospitalera bidali zituzten poliziek, eta hiru kide atxilotu zituzten.

70.000 euroko isunak eta deportazio saiakera bat aurrez

Prozesu judizial horretaz gain, aurretik, Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak 70.000 euroko isunei egin behar izan die aurre, etxe-kaleratze berari lotuta. Egun horretan bere etxea defendatzeagatik atxilotu zuten kideetako bat, gainera, deportatzen saiatu zen Polizia. "Sindikatuak eragindako presioari esker, deportazioa etetea lortu genuen", ekarri dute gogora sindikatuko militanteek.

Hutsik jarraitzen dute Herrandarren kaleko etxeek

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jakinarazi duenez, 2021ean desalojo biolentoaren bidez hustutako etxeetan ez da inor bizi gaur egun. "Batzuen espekulatzeko eskubidea bermatzeko, familiak kaleratzen dira, etxeak hainbat urtez hutsik mantentzen dira eta elkartasunean antolatzen direnak gogor zigortuak dira", salatu du: "Jabetza pribatuaren defentsan, haien esku dauden mekanismo errepresibo guztiak erabiltzeko prest daude instituzioak, poliziak edo jabeak".

NO HAY COMENTARIOS