AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Etxegabetzearen aurkako protestako irudi bat.
2022/05/25 09:26

Polizia-indarrek iazko urtarril amaieran hustu zuten Gasteizko (Araba) Los Herran kaleko etxebizitza bat, eta modu horretan utzi zituzten kale gorrian une hartan han bizi ziren hamabost pertsona. Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak deituta, goizetik bertaratu zen jendea etxe ingurura, etxegabetzearen aurka protesta egiteko. Haien aurka oldartu ziren poliziak, baina hustekoa zen etxearen aurrean kokatzea lortu zuten hainbatek, erresistentzia egiteko. Ertzainek eta udaltzainek indarrez bota zituzten handik.

Etxe barruan ere baziren hainbat pertsona, asmo berdinarekin: etxe kaleratzearen aurrean protesta eta erresistentzia egitea. Poliziak izugarrizko bortizkeria erabili zuen haien kontra; azaldu zutenez, polizia-agenteek belaunak baliatu zituzten haiek itotzeko, eta borren bidez ere eraso zieten. Azkenean, etxean bizi ziren familiak zein protestan zeudenak kanporatu zituzten, identifikazioak tarteko.

Eraikinaren kanpoaldean, bitartean, polizien karga gehiago izan ziren. Zaurituak izan ziren, eta hiru pertsona eraman zituzten atxilo.

Errepresio-ondorioak

Egun horretan gertatutakoaren harira, Eusko Jaurlaritzak 30.000 euroko isunak ezarri zizkien protestan parte hartu zuten hainbat kideri, iaz. Errepresioa ez zen hor bukatu, ordea: Etxebizitza Sindikatuak atzo jakinarazi zuen zigor ekonomiko gehiago izan direla azken hilabeteetan, eta ez edonolakoak gainera; 40.000 euroko isunak helarazi dizkie orain Gasteizko Udalak.

Zigor horiek jartzeko, Mozal Legea nahiz COVID-19ari lotutako salbuespen-neurriak erabili ditu Gasteizko Udalak. Esaterako, konfinamendu perimetrala urratzea eta segurtasun-distantziak ez errespetatzea leporatzen diete hainbat pertsonari. "Beste behin ere agerian geratu da COVID-19 pandemiaren testuingurua askatasunen murrizterako eta boteredunek gustuko ez dituzten ekintzak modu arbitrarioan zigortzeko aitzakia izan dela", salatu du Etxebizitza Sindikatuak.

Askatasun politikoen aurkako erasoa

Sindikatuko kideek nabarmendu dute, gainera, ezarri dizkieten zigorrak ez direla "protesta horretan parte hartu genuenon aurkako neurri" bat bakarrik: "aurrerantzean antzeko salaketak egiteko asmoa duen ororentzako mezua ere bada".

"Bizitza ikaragarri garestitzen ari den testuinguruan errepresio ekonomikoaren zama handituz doa eta bere izaera diziplinatzailea sakonduz. Langile klasearen bizi-baldintzen defentsa eta haren antolakuntza mehatxatzeko neurriak dira gure aurka harturikoak, askatasun politikoen aurkako eraso zuzenak", zehaztu dute.

Hortaz, "irmoki" salatu dute "jazarpen horren dimentsio izugarria": "Norbanako ugari zorpetu ez ezik, bistakoa da mugimendu oso bat ekonomikoki itotzeko saiakera dela".

Diru-bilketa, martxan

Jasotako isunak ordaindu ahal izateko, diru-bilketa kanpaina bat jarri du martxan Etxebizitza Sindikatuak. Ekarpen ekonomikoa egin nahi duen orok erabil dezake ondoko kontu korrontea: ES14-3035 0080 91 0800087090.

"Pobretze eta krisi garaiotan ezinbestekoa den klase elkartasuna hedatzeko unea da, egungo zein etorkizuneko borroka prozesuak sostengatzekoa", aldarrikatu dute sindikatuko kideek.

Beto politikoa Gasteizko txosnagunean

Gasteizko txosna batzordeak beto politikoa ezarri die aurten Etxebizitza Sindikatuari eta Gazte Koordinadora Sozialistari, eta Arabako hiriburuan txosnak jartzeko eskubidea ukatu die bi eragile horiei.

EZ DAGO IRUZKINIK