ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / The White House (X)
2025/08/27 11:54

Washingtonen "segurtasun faltari" aurre egitea aitzakiatzat hartuta, "prebentzio-neurri oso gogor" bat aldarrikatzen hasia da Donald Trump: esan du heriotza-zigorra eskatuko dutela hilketaren bat egiten duten pertsonentzat. Hamarkadak dira Washingtonen heriotza-zigorra bertan behera geratu zela auzi ez-federaletarako, baina "segurtasunaren" izenean egiten ari den kanpaina politiko erreakzionarioaren barruan, zigor hori berreskuratzeko pausoak emateari ekin dio Trumpek.

Espektakuluaren barruan, zuzenean emandako bilkura batean egin du iragarpena AEBetako presidenteak. "Ez dugu beste aukerarik", zioen, nahiz eta ez duen zehaztapenik egin heriotza-zigorra berrezartzeko moduari buruz. Hala ere, diskurtso sekuritarioaren iruzurra agerian uzten dute hainbat datuk, El País-ek jaso duenez: gaur egungo delinkuentzia-tasa azken hiru hamarkadetako baxuena da Washingtongo hiriburuan.

"Delinkuentziari" kontra egitearen aitzakiapean, ordea, AEBetako gobernuak kaleak militarizatu ditu azken asteetan: Trumpek abuztuaren 11n jakinarazi zuen ofizialki hartuko zuela "segurtasunaren kontrola" Washingtonen, "segurtasun falta" seinalatuz eta hura "krisi nazionaltzat" joz. Ordutik, Guardia Nazionaleko milaka militarrek hartu dituzte Washingtongo kaleak, besteak beste, metro-geralekuak eta hainbat eraikinetako sarrerak kontrolatuz.

Horrez gain, bestelako hainbat polizia-indarretako agenteak ere ari dira esku hartzen lurraldean: Metropoliko Polizia, Ikerketa Bulego Federala (FBI), Drogen Kontrolerako Administrazioa (DEA), Immigrazio eta Aduanen Taldea (ICE)... Izan ere, hainbat kolektibok salatu dute "delinkuentziaren" aurkako kanpaina probesten ari direla agintaritzak, pertsona migratzaileak atxilotzeko.

Harvard CAPS-Harrisek egindako inkesta baten arabera, AEBetako biztanleen %54k begi onez ikusten dituzte neurri autoritario horiek, nahiz eta badirudien Washingtonen bertan adostasuna ez dela hainbestekoa.

NO HAY COMENTARIOS