Herbehereetako Gobernuak mugetako kontrolak zorroztuko dituela iragarri du, eta atzo, abenduaren 10ean, kontrol-postu berriak jarri zituen martxan. Eskuin muturreko PVV alderdiak proposatu zuen immigrazio-politikak gogortzea, eta onartu egin dute zentro-eskuineko VVD, eskuineko nekazarien BBB eta kristau demokraten Kontratu Sozial Berria alderdiek.
Marjolein Faber, PVVko Asilo eta Migrazio ministroa, Alemania eta Herbehereak bereizten dituen mugara bertaratu da Limburgon, eta kontrol-neurri berrien helburua "immigrante ilegalen oldeei" aurre egitea dela adierazi du. Hori ez ezik, esan du neurria ez dela "sinbolikoa", eta "immigrazio ilegala murrizteko" eraginkorra izatea espero duela. Antza denez, 800 muga-pasabide daude Herbehereetan, eta, hemendik aurrera, horietan kontrol-puntuak jarri ahal izango ditu herrialdeko polizia-indar militarrak, Royal Marechaussee deiturikoak.
Agintarien adierazpen arrazistak
2023ko azaroan izan ziren Herbehereetako azken hauteskundeak, baina gobernua osatzeko negoziazioak 2024ko uztailera arte luzatu ziren. Geert Wilders buru duen PVV alderdiak irabazi zituen bozak, eta gobernuko alderdi nagusia da. Wilders, hala ere, ez da lehen ministroa, alderdi sozialdemokratako eta zerbitzu sekretuetako zuzendari ohi Dick Schoofek hartu baitzuen kargua. Hala, gobernua osatzen dute PPV, VVD, BBB eta Kontratu Sozial Berriak.
Wildersen alderdikideek hainbat adierazpen arrazista egin dituzte publikoki, eta "ordezkapenaren" teoria supremazista aipatu izan du Asilo eta Migrazio ministro Faberrek. Erlijio islamiarraren aurka agertu izan da Wilders, bai eta eskola islamiarren aurka ere. "Herbeheretarrak daude lehenengo", aldarrikatu zuen hauteskunde-kanpainan.
Joera orokorra Europan
Europako beste herrialde askok ere gogortu dituzte mugei lotutako politikak Schengen eremuaren barruan. Alemaniako Gobernu sozialdemokrata, adibidez, mugetako kontrol zorrotzagoak ezartzen hasi zen irailean, eta mehatxatu zuen "agiri faltsuekin edo bisarik gabe" atzemandako pertsona migrante oro kanporatuko zutela. Urrian, Frantziako Estatuak areagotu zituen mugetako kontrolak, "jarduera terroristak" aitzakiatzat hartuta. Tankerako jarrera hartu dute Txekiar Errepublikak, Esloveniak, Hungariak, Danimarkak eta Norvegiak ere.