ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / GEDAR
2023/05/19 15:00

Izugarri hazi da posta bidezko hauteskunde-propaganda ez jasotzeko izapide administratiboa bete duten biztanleen kopurua Hego Euskal Herrian, Espainiako Estatuko Kontu Auzitegiak berriki aditzera eman duenez. 2019. eta 2023. urteen artean, eskakizunak %2448 igo dira Gipuzkoan, %2098 Araban, %2031 Bizkaian eta %1246 Nafarroan.

2019ko udal eta foru hauteskundeetarako 489 lagunek baino ez zuten egin eskaera Gipuzkoan, eta aurten 12.458 izan dira. Araban 583tik 12.812ra igo dira, 857tik 18.263ra Bizkaian eta 990etik 13.227ra Nafarroan. Hala, Hego Euskal Herriko hiru lurralde (Gipuzkoa, Araba eta Bizkaia) Espainiako Estatuko podiumean daude mailing elektoralaren errefusatzearen hazkundean. Nafarroa ere ez dabil urruti, zazpigarren postuan baitago.

Alderdi politikoek Espainiako Estatistika Institutuak (INE) emandako helbide eta datuen zerrenda bat baliatzen dute hauteskunde-kanpainetan euren programak zein boto-paperak postaz bidaltzeko. Datuek diotenez, biztanle asko jarduera horretaz nazkatu dira azken urteetan. Izapidea betetzeko beharrezkoa da ziurtagiri digital bat edo identifikazio elektronikoko sistema baliokide bat izatea, errenta-aitorpena modu telematikoan aurkezteko erabiltzen direnak bezalakoa. Belaunaldi gazteenentzat adineko jendearentzat baino errazagoa den arren, nabarmentzekoa da milaka lagunek borondatezko izapide administratibo hori betetzeko lana hartu izana.

Arrazoiak

Zifra horiek, ordea, ez dute hauteskundeekiko erabateko desatxikimendurik ekartzen zuzenean. Izatez, arrazoi desberdinak daude fenomenoaren atzean: propaganda gastuarekin desadostasuna, hauteskunde-aukera argi izatea eta beste alderdien propagandarik jaso nahi ez izatea... Hala ere, litekeena da abstentzioak ere neurri batean edo bestean bere eragina izatea.

2019ko udal hauteskundeetan, alderdiek 22 milioi euro baino gehiago justifikatu zituzten Espainiako Estatu mailan, propaganda bidaltzeko gastuetan. Kontu Auzitegiaren datuen arabera, aurreko udal eta foru hauteskundeetan ondoko kopuruak xahutu zituzten Hego Euskal Herriko bi alderdi politiko nagusiek posta bidezko propagandan: 3.100 euro EAJ-PNVk eta 43.700 euro EH Bilduk.

Espainiako Estatu mailako joera

Eskakizunak Hego Euskal Herrian nabarmen igo badira ere, joera orokorra izaten ari da Espainiako Estatuan. Izan ere, hauteskunde-erroldako ia milioi bat lagun hauteskunde-propagandarekin nazkatuta daude eta INEren zerrendatik euren burua ezabatu dute jada. Kanpainako gutunak eta boto-orriak jasotzeari uko egitea hamar aldiz hazi da lau urtean. Gaur-gaurkoz, 895.257 izan dira izapide administratibo hori bete dutenak, euren datuak eta helbideak hautesleen zerrendan azaldu ez daitezen.

Espainiako Estatuko aurreko udal hauteskundeetan 87.556 erroldatu izan ziren zerrendatik kentzeko eskatu zutenak. Horrela, gaur egungo zifra maiatzaren 28an botoa ematera deituta dauden boto-emaile guztien %2,5 da, INEk emandako datuen arabera. Bartzelonan bakarrik, 99.906 lagunek egin diote uko mailing-ari, 2019ko 7.426en aurrean. Madrilen, berriz, 17.111tik 171.796ra igo da kopurua.




NO HAY COMENTARIOS