ACTUALIDAD / Violencia machista
Hasi da Gasteizen Maialen labankadaka erail zuen gizonaren aurkako epaiketa
Bikotekide ohiak duela bi urte hil zuen Maialen hotel batean, haurdun zegoela eta alaba txikia bertan zela. "Nahiz eta Espainiako Estatuko VioGen sisteman muturreko arriskuko biktima bezala izendatu, Gasteizera itzultzean Ertzaintzak EBA sisteman arrisku baxuko trataera eman zion kasuari", gogorarazi du Itaiak: "Instituzioek martxan jartzen dituzten neurriek muga argiak dituzte".
2026eko maiatzaren 5 - 07:16
Hasi da Gasteizen Maialen labankadaka erail zuen gizonaren aurkako epaiketa
Itaiaren pankarta bat epaitegiaren kanpoaldean.

Atzo hasi zen 2023an Maialen Mazon erail zuen gizonezkoaren kontrako epaiketa, Gasteizen (Araba). Fiskaltzak 45 urteko kartzela-zigorra eskatu du hiltzailearentzat, Arabako Alea-k jaso duenez: 25 urtekoa "azpikeriaz eta ankerkeriaz egindako hilketagatik", hamasei urtekoa bi "abortu-deliturengatik" (haurdun zegoen Maialen eta bikiak espero zituen), eta lau urtekoa "adingabe baten abandonuagatik" (biktimaren alaba, hiru urte besterik ez zituena, bertan zegoen hilketaren momentuan, eta ordu luzez egon zen bakarrik ama erail zutenean). Ustez maiatzaren 15era arte luzatuko da epaiketa.

Erailketa matxista ikaragarri horretatik bi urte igaro direnean hasi da judizioa. 2023ko maiatzaren 27an izan zen hilketa, Arabako hiriburuko Gasteiz etorbideko apartahotel batean: Maialenen bikotekide ohia bertaratu zen urruntze-agindua urratuta, eta labankadaka erail zuen, alaba txikia han zegoela. 32 urte baino ez zituen biktimak, eta beste bi haurtxoren esperoan zegoen.

Indarkeria matxista jasaten duten emakumeak babesteko protokolo instituzionalen erabateko porrota izan zen duela bi urte gertatutakoa. Izan ere, Gasteizko Itaiak gogora ekarri duenez, "nahiz eta [Maialen] Espainiako Estatuko VioGen sisteman muturreko arriskuko biktima bezala izendatu, Gasteizera itzultzean Ertzaintzak EBA sisteman arrisku baxuko trataera eman zion kasuari". Maialen erail aurretik, erasotzaileak hainbatetan hautsi zuen berekiko 500 metroko urruntze-agindua. "Emakumea babestu behar zuten instituzioen koordinazio falta agerikoa zen, eta nahiz eta ondoren protokolo hori aldatu, beranduegi izan zen Maialenentzat", ohartarazi du Itaiak.

Urruntze-aginduen urraketa eta akatsak kontrol-gailuetan

"Instituzioek martxan jartzen dituzten neurriek muga argiak dituzte", salatu du Itaiak, azpimarratuz, Gasteizen soilik, urruntze-aginduak 33 aldiz urratu dituztela aurten. "Urruntze-agindua duten gizonek jantzi beharreko eskumuturrekoetan akatsak ere antzeman izan dira, eta Gasteizen, adibidez, erasotzaile bat biktimaren atalondoan agertu zen azken irailean", azaldu du. Seinalatu du, gainera, urruntze-aginduek "emakumeongan jartzen dutela ardura osoa": "Gu gara bizilekua eta ohiturak aldatu behar dituena, eta gizona gugandik hurbil dagoenean abisua eman edota bertatik ihes egin behar dugunak".

Lau erailketa matxista eta bi hilketa saiakera aurten

Antolakundeak dio "salaketa jartzeak ez duela emakumeon biziraupena bermatzen", baina "erasotuak bere burua biktima gisa identifikatzeko duen zailtasunaz" ere ohartarazi du: "Genero-indarkeriagatik eraildako emakumeen %72k ez zuten erasotzailea salatu". Salaketak salaketa eta neurriak neurri, urte hau hasi zenetik, gutxienez lau emakume erail dituzte jada erailketa matxista tarteko, eta beste bi emakume hiltzen ere saiatu dira euren bikotekideak edo bikotekide ohiak. Joan den asteburuan izan da azkeneko kasua, Donostian: 24 urteko emakume bat itotzen saiatu zen bere bikotekidea.

Instituzioen bide-orri falta indarkeria matxista bukatzeko

"Instituzioak indarkeria matxistaren kudeaketa hutsera mugatzen dira, eta martxan jartzen dituzten babes-neurriek ez dute emakumeon segurtasuna bermatzen. Baina ez hori bakarrik, ez dute inolako bide-orririk indarkeria matxistarekin amaitzeko", gaitzetsi du Gasteizko Itaiak. Horrekin batera, oroitarazi du "gero eta ohikoagoak" direla jendartean "matxismoaren existentzia bera ukatzen duten ahotsak". Antolakundeak, beraz, ezinbestekotzat dauka "matxismoaren aurkako kontzientzia eta borroka indartzea, matxismoari aurre egingo dion mugimendu indartsua eraikiz".