Kongoko Errepublika Demokratikoko hiriburuan, Kinshasan, zenbait enbaxadatan sartu dira manifestari talde batzuk astearte honetan. M23 talde armatuak Goman egindako erasoaldia eta nazioarteko komunitatearen gelditasuna salatzeko jo dute protestara, hainbat agentziak jakitera eman dutenez. Su emandako pneumatikoek eta arpilatzeek markatu dituzte kaleko istiluak, eta Gombeko barrutian izan dira nagusiki. Ruanda, Uganda, Kenya, Frantziako Estatua, Belgika eta Estatu Batuetako enbaxadei eraso diete, besteak beste.
Gazte-kolektibo batek Hiria gera dezagun lelopean deitu zuen protesta egitera, eta deialdiari erantzunez, ehunka manifestari bertaratu ziren hainbat egoitza diplomatikotara, oinez eta motozikletetan. "Nahikoa da, dena suntsituko dugu hemen", oihukatu zuen manifestari batek Ruandako enbaxadaren aurrean, txalo artean, suteetatik ke-zutabe lodiak altxatzen ziren bitartean. Frantziako enbaxadan, manifestariek su eman zioten horma bati eta margoketak egin zituzten, "Traizioa denboran zehar" bezalako esaldiekin. Ugandako misio diplomatikora ere sartu ziren, motozikletetan eta taxietan garraiatutako altzariekin. Poliziak gas negar-eragileekin erantzun zuen, jendetza sakabanatzeko.
M23ko erasoaldiaren ondorioz hasi ziren protestak, Ruandako tropek lagunduta, Kongoko Gobernuaren eta Nazio Batuen Erakundearen arabera. Asteartean, paramilitarrek Gomako aireportua hartu zuten, kaleetan borroka gogorrak izan ostean, iturri diplomatikoek Reuters agentziari baieztatu ziotenez. Bien bitartean, Alemaniako Garapen Ministerioak bertan behera utzi zituen Ruandarekin hitzartutako kontsulta-saioak, eta ohartarazi zuen ezin dela "normaltasunik egon eskaladak jarraitzen duen bitartean".