ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Elkarretaratzea Barakaldon.
2019/07/16 19:50

Salatutako sexu erasoen kontagailuak ere ez du etenik. Azken egunetan gutxienez hiru eraso salatu dituzte Euskal Herrian; Hernanin (Gipuzkoa) bat, eta bi Barakaldon (Bizkaia). Atzo, astelehena, poliziarengana jo zuen Barakaldoko emakume batek. Igandean erasotua izan zela salatu zuen, eta azaldu zuen gizonezko batek jazarri zuela herriko festetan. Hala, ikerketa abiatu du Ertzaintzak. Barakaldoko mugimendu feministak deituta, ehunka herritarrek elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean, herriko plazan, Erasorik ez erantzunik gabe lelopean.

Bestalde, duela bost egun, hainbat hedabidek jakinarazi zuten emakume bati eraso egin ziotela herri bereko lorategi botanikoan. Asteazkenean jazo zen erasoa, egun argiz, eta emakumeak ez du salaketarik jarri Ertzaintzaren komisaldegian. Hilaren 11n bildu ziren ehunka herritar Barakaldoko plazan, bertako mugimendu feministak deituta.

Erasoa Hernanin

Igandean 22 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Hernanin, adineko emakume bati sexu erasoa egitea leporatuta. Adineko pertsonei zuzendutako erietxe batean izan zen erasoa. Bertako arduradun batek Ertzaintzari jakinarazi dionez, iragan larunbatean, geriatrikoan sartu eta emakume bati ukituak egin zizkion gizonezkoak. Mugikortasun arazoak pairatzen ditu emakumeak, baina laguntza eskatzeko txirrina jotzea lortu zuen, eta alde egin zuen erasotzaileak.

Igande goizean atxilotu zuten. Atzo eraman zuten epailearen aurrera, eta hark erabaki zuen karguekin aske uztea.