ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Twitterretik hartutakoa
2022/12/19 08:57

Urtebete eta erdiko agintaldiaren ostean, Pedro Castillo Peruko presidenteak abenduaren 7an jakinarazi zuen Kongresua desegin eta salbuespen-egoera ezarriko zuela, gobernu berri bat eratzeko prozedurari ekitearekin batera. Kongresuak, ordea, ez zuen presidenteak agindutako desegitea onartu, eta bozketa baten bidez kargugabetu zuen Castillo. Armadaren eta polizia-indarren babesa ere galdu zuen, adierazi baitzuten ez zutela presidentearen planaren alde egingo. Hortaz, bakarrik geratu zen, eta espetxeratu egin zuten. Kartzelan dago oraindik.

Hainbatek estatu-kolpetzat jo ditu Castilloren mugimenduak; besteak beste, justizia sistema berrantolatzea eta salbuespen-egoerari lotutako neurriak barne hartzen baitzituen bere maniobrak. Kongresu berria eratu arte eduki nahi zuen indarrean salbuespen-egoera, abenduaren 7rako etxeratze-agindu bat barne.

Dena den, abenduaren 7an bertan izendatu zuten presidente berria, Dina Boluarte, ordura arte presidenteordea izandakoa. Bost urtean Perun kargua hartu duen bosgarren presidentea da, azken urteetan erabat ezegonkorra izan baita egoera politikoa; presidenteetako bi kargugabetu dituzte Kongresuan egindako epaiketa politikoen ondotik.

Salbuespen-egoera eta indar armatuen bortizkeria

Krisi politikoak leher egin zuenetik etengabeak izan dira protestak Peru osoan; besteak beste, "Kongresu diktatorialaren" eta gobernu berriaren kontra. Protesten aurreko erantzuna argia izan da hasieratik: errepresioa. "Eremu gatazkatsuetan" salbuespen-egoera ezarri zuen hasieran gobernu berriak, baina mobilizazioak hedatzen ari zirela ikusita, gerora, abenduaren 14an, Peru osoan sartu zuen indarrean salbuespen-egoera hori, gutxienez hilabete baterako.

Gaur-gaurkoz, beraz, bertan behera geratu dira Perun biltzeko eskubidea, bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubidea eta mugitzeko askatasuna, eta etxeratze-agindua ezartzeko aukera aztertzen ari dira. Presidenteak hala nahi izanez gero, indar armatuen esku geratzen da "barne-ordenaren kontrola", araudiaren arabera; Armadak kalera irteteko eta esku hartzeko eskubidea dauka herrialdeko "puntu estrategikoetan".

Kalearen militarizazioa eta manifestarien kontrako errepresio etengabea muturrera eraman ditu salbuespen-egoerak, eta ondorioak larriak dira jada: indar armatuek gutxienez 25 pertsona erail dituzte protestetan, Peruko autoritateek emandako datuek diotenez. Milaka dira zauritutako pertsonak.

Elkartasuna Bilbotik

Bilboko (Bizkaia) Kontseilu Sozialistak elkarretaratze bat antolatu du biharko, abenduaren 20rako, Peruko kontsulatuaren (Colon de Larreategi kalea, 26) aurrean. 19:00etan hasiko da protesta, eta "Peruko egoera politiko larria" salatzeaz gain, "klase elkartasuna" erakutsiko diote "Peruko herri langileari". "Beste behin ere, errepresioaren onuradun nagusiak herrialdeko elite oligarkikoak dira, eta kaltetuak, berriz, sektore xumeenak: hiriguneetako langileria, nekazari pobreak eta herri indigenak", salatu dute Kontseilu Sozialistako kideek.

"Ez da egoera berria: hamarkada luzeetan zehar etengabea izan da sindikalisten, ikasle antolatuen, jatorrizko herrien eta bestelako sektore zapalduen aurkako jazarpena. Izan ere, azken urteetako gobernu ezegonkorrak eta ezkerreko alderdien saiakera elektoralak gorabehera, herrialdearen botere ekonomiko, politiko eta militarra familia oligarkiko berdinen esku egon da", seinalatu dute. "Peruko gobernuaren izaera kriminala" salatu dute, eta aldarrikatu dute, "estatu-egiturekiko independentziaz, sozialismoaren eraikuntzara bideratutako antolaketa politikoa" dela "burgesiaren diktadurari aurre egiteko eta sektore zapalduen askatasuna erdiesteko aukera bakarra".

NO HAY COMENTARIOS