ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Moncloa
2025/02/12 08:13

Oraintsuko historian lehen aldiz, Espainiako Estatuan, Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) jasotzen duten langileek Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (PFEZ, gazteleraz IRPF) ordaindu beharko dute. Gobernuak berriki erabaki du gutxieneko soldata igotzea (hilean 1.184 euro hamalau ordainsaritan), eta, orain, PFEZa ordaindu behar izateko ezarrita dagoen soldata-kantitate minimora helduko dira LGSa jasotzen duten behargin horiek ere. LGSa igo den arren, Ogasunak erabaki du ez aldatzea PFEZ kostua ordaintzera derrigortzeko tributazio-muga, eta beraz, aurrerantzean, gutxieneko soldata jasotzen duten langileek ere zerga hori ordaindu beharko dute; milioi erdi langile inguruk. Urtean 300 eurorainokoa izan daiteke PFEZa.

Neurriak eztabaida sortu du, bai kaltetuen artean, bai gobernuaren barruan. Maria Jesus Montero Ogasun ministroak erabakia defendatu du, errenta baxuenak dituzten langileek "aurreko urteetan ere beherapen fiskalak" jaso dituztela argudiatuta. Hala ere, Yolanda Diaz bigarren presidenteorde eta Lan ministroak jarrera hori kritikatu du, "justizia fiskala goikoetatik hasten" dela esanez eta neurria Ministroen Kontseiluan eztabaidatu gabe hartu dela salatuz. Horrek are gehiago tenkatu ditu gobernuaren barruko harremanak. Dena den, Diaz ez da neurriaren aurka agertu.

LGSaren igoerak 2,4 milioi laguni "mesede" egingo dien arren, PFEZaren tributazio-muga ez aldatzeak esan nahi du askorentzat murriztu egingo dela soldata-igoera horren eragin garbia beren diru-sarreretan. Sindikatuek %4,4ko igoera eskasa babestu zuten gutxieneko soldatarentzat, eta orain "kezkatuta" agertu dira, PFEZa ordaindu behar izateak langilerik zaurgarrienei eragingo dien karga fiskalagatik. Bien bitartean, ekitate fiskalari eta soldata-desberdintasunari buruzko eztabaidak indarra hartzen jarraitzen du agenda publikoan.

Laburbilduz, azken hilabeteetan, Espainiako Gobernuak astean 37,5 ordura murriztu du lanaldia eta %4,4 igo du ezarritako gutxieneko soldata, baina, horren truke, legezko errentarik txikienak jasotzen dituztenei zergak igo dizkie, erretiro-adina 72 urtera atzeratzea sustatu du, eta oinarrizko elikagaien gaineko BEZa berreskuratu du.

NO HAY COMENTARIOS