ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2026/01/12 09:37

Hasteko, egingo zenukete GKSren manifestazioen kokapena?

Bi auziren kontra mobilizatuko gara urtarrilaren 31n: batetik, indarra hartzen ari den faxismoaren aurka, eta bestetik, Mendebaldeko estatuen erreforma autoritarioaren aurka. Biak ala biak dira langileriaren aurkako joerak, eta guretzako, lehentasunezkoa da horien aurka langileriaren batasuna artikulatzea, parametro iraultzaileetan.

Aipatutako joerak oligarkia atlantistaren agendaren parte dira. Estatu Batuetako eta Europako oligarkiek faxismoaren eta estatu-autoritarismoaren aldeko apustua egin dute, eta ikus dezakegu nola ari den artikulatzen mugimendu faxista berri bat Mendebaldeko estatu guztietan; bai elektoralki, baita kale-mailan ere. Era berean, Mendebaldeko estatu asistentzialen aurka, oligarkiak estatu militarizatuak eta autoritarioak ezarri nahi ditu. Horren guztiaren adibide ugari jar genitzake, baina agian argiena da NATOk Europako estatuei ezarritako neurria: estatuak behartzen ditu beren aurrekontuen %5 armagintzara eta esparru militarrera bideratzera, horrek dituen ondorioekin.

Joera horri guztiari aurre egiteko konpromisoa dugu, eta norabide horretan egiten dugu lan egunerokoan Mugimendu Sozialistako kideok: ikastetxeetan, lanpostuetan, gazteen artean, etorkinen artean eta abar. Orain, pauso bat gehiago eman eta berriz ere kalera ateratzeko apustua egin dugu. Milaka gazte mobilizatuko gara faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurka.

Zer helburu jarri dizkiezue mobilizazioei eta zergatik uste duzue dela garrantzitsua urtarrilaren 31n kalera ateratzea?

Euskal Herrian bidegurutze moduko batean gaudela esan dezakegu. Izan ere, nahiz eta ideia erreakzionarioak hedatzen ari diren, faxismoak oraindik ez du gorputz politiko bateraturik artikulatu. Gauzak horrela, gure ustez, faxismoaren aurkako borroka legitimatzea eta zabaltzea lortzen badugu, jende askok ez du kontzientzia faxistarik garatuko. Gure asmoa da faxismoaren eta estatuen biraketa autoritarioaren aurrean euste-horma bat eraikitzea.

Kalera ateratzea eta faxismoaren aurrean indar-erakustaldia egitea funtsezkoa da. Urtarrilaren 31n milaka gaztek kaleak hartu behar ditugu, gazteriaren artean faxismoaren eta autoritarismoaren aurkako kontzientzia hedatzeko, eta faxistei mezu bat bidaltzeko, atzerapauso bat eman dezaten.

"Urtarrilaren 31n milaka gaztek kaleak hartu behar ditugu, gazteriaren artean faxismoaren eta autoritarismoaren aurkako kontzientzia hedatzeko, eta faxistei mezu bat bidaltzeko"

Zentzu horretan egingo dugu masazko agitazio-kanpaina bat aste hauetan. Alde batetik, faxismoaren eta estatu autoritarioaren aurkako mezuz beteko ditugu Euskal Herriko kaleak,  ikastetxeak eta lantegiak; eta bestetik, Euskal Herriko milaka gazterekin batuko gara, borroka honetan aktibo politiko bihur gaitezen guztiok.

Horrez gain, gure mobilizazioek ikuspegi internazionalista ere izango dute. Mugimendu faxista berriaren eta Europako estatuen militarizazioaren aurkako borrokak nazioarteko dimentsioa hartu behar du nahitaez; bestela, akabo. Horregatik, Euskal Herritik mezu internazionalista bat eman behar dugula uste dugu, estatu autoritarioen eta faxismo berriaren aurkako borroka iraultzailea suspertu dadin. 

Faxismoa ikuspegi ultranazionalistan eta supremazistan oinarritzen da; era berean, faxistatzat hartzen ez diren alderdi, kolektibo eta norbanako asko ari dira nazionalismo identitariora itzultzen. Nola ulertzen duzue joera hori?

Mugimendu Sozialistatik adierazi duguna zera da: oligarkiak estatu autoritarioak ezartzeko apustua egin duela eta, bide horretan, erdi-mailako klasea klase erreakzionario bihurtzen eta mugimendu faxista berri bat sortzen ari dela. Horrela, nazionalismora itzultze hori erreakzioaren parte dela ulertzen dugu. Faxismoak ikuskera hori erradikalizatzen du, zuzenean posizio ultranazionalista baztertzaileak defendatuz. Beraz, prozesu beraren parte dira.

"Oligarkiak estatu autoritarioak ezartzeko apustua egin du eta, bide horretan, erdi-mailako klasea klase erreakzionario bihurtzen eta mugimendu faxista berri bat sortzen ari da"

Dena den, nazio-auzia eta nazionalismoa bereizi behar ditugu. Lehenak zapalkuntza-egoera bati egiten dio erreferentzia, eta bigarrena ikuspegi politiko bat da. Euskal Herriari dagokionez, nazio-auziak errealitate bat izaten jarraitzen du gaur egun ere, besteak beste hizkuntza-eskubideek eta langileriaren borondate nazionalak zapalduta jarraitzen dutelako. Euskal Herriko langileriaren edo gehiengo sozialaren autodeterminazio-eskubidea defendatzen dugu eta Euskal Estatu Sozialista aldarrikatzen dugu, nazio-auziari aterabidea emateko bide gisa.

Nazionalismoa, dena den, ikuspegi politiko bat da, hainbat auzi edo problematikaren aterabidea maila nazionalean kokatzen duena. Guk ez dugu estrategia nazionalistarik defendatzen, eta politikoki muga nabarmenak dituela iruditzen zaigu. Lantzen ari garen garaiari dagokionez, hau da, gerraren, faxismoaren eta autoritarismoaren auziei dagokienez, estrategia nazionalista antzua da guztiz. Horregatik, nahitaezkoa da langileria nazioartean artikulatzea, ikuspegi internazionalistatik eta klase-independentzian oinarritua.

Gaur egun, nazionalismoa izaera identitarioa eta erreakzionarioa hartzen ari da toki gehienetan, batez ere, oligarkiak ideia erreakzionarioak zabaltzeko propaganda-plan bat martxan jarri duelako. Horrela, parametro identitario eta nazionalista hutsetan oinarritzen diren alderdi eta kolektiboak proposamen baztertzaileak egiten hasi dira. Oro har, erdi-mailako klasea izaera erreakzionarioa hartzen ari dela esan dezakegu eta, horrekin batera, alderdi politikoak ere eskuinerantz biratzen ari dira.

Bada antifaxismoa parametro nazionalistetan kokatzen duenik. Zein da zuen posizioa?

Batzuek antifaxismoa parametro nazionalistetan kokatzen dute, bai. Horrela, Euskal Herrira etorrita, "antifaxismoa=antiespainolismoa" formula defendatzen dute. Egia da Espainiako faxismoak ideia supremazistak zabaldu eta inposatu nahi dituela, Falange espainiarrak Gasteizen egin zuen ekitaldian argi geratu zen bezala, eta horrelako eragile faxistei aurre egiten jarraitu behar dugu. Baina, horrekin batera, ezin dugu ahaztu Euskal Herrian batzuek euskal nazionalismoan oinarritutako eragile faxistak sortu nahi dituztela. Horregatik, datorren tokitik datorrela, faxistei aurre egin behar diegu, baita euskal gailentasunaren izenean baldin badatoz ere.

"Euskal Herrian batzuek euskal nazionalismoan oinarritutako eragile faxistak sortu nahi dituzte. Horregatik, datorren tokitik datorrela, faxistei aurre egin behar diegu, baita euskal gailentasunaren izenean baldin badatoz ere"

Zuen aurkako kriminalizazio-kanpaina egin dute hainbat eragilek azken hilabeteetan. Zer irakurketa egiten duzue horren inguruan?

Mugimendu Sozialistak ordezkatzen duen programa politikoa botere burgesaren aurkakoa den heinean, estatuaren eta burgesiaren gainontzeko aparatuen jopuntuan egongo da. Kriminalizazioa eta errepresioa etengabeko mehatxua eta errealitatea dira, baita indar minimo bat duen beste edozein eragile iraultzailerentzako ere. Kasu honetan, Espainiako eta Euskal Herriko boteredunen komunikabideek intoxikazio- eta kriminalizazio-kanpaina bat egin dute azkenaldian, ezkerreko mugimendu iraultzailetik biolentziaren gorakada esponentzial bat dagoelako errelato manipulatua sortuz.

"Urte hauetan biolentzia faxista inpunitate osoz handitzen joan da, alderdi erreformistek horren aurkako ezertxo ere egin ez duten bitartean. Hor dago benetako biolentziaren gorakada"

Baina zein da errealitatea? Bada, urte hauetan biolentzia faxista inpunitate osoz handitzen joan dela, alderdi erreformistek horren aurkako ezertxo ere egin ez duten bitartean. Hor dago benetako biolentziaren gorakada. Gauzak horrela, hainbat eragilek faxismoari kalean aurre egitea lortu dugu, eta horrek kolpetik zenbait gauza agerian utzi ditu: batetik, ezkerreko alderdi horien hipokrisia; eta, bestetik, alderdi politikoak eta estatu-aparatuak gehiago kezkatzen dituela erantzun antifaxista konrometituak, hazten ari den faxismoak baino.

Espainiako kriminalizazio-kanpainaren oinarriak EAJk jarri zituen, joan den udan aritu zelako halako diskurtsoa eraikitzen Euskal Herrian. Kontuan eduki behar dugu EAJ, enpresa-munduaren eskuineko alderdia izateaz gain, elektoralki higatzen ari dela. Horrela, gero eta eskuinerago dagoen gizarteko geruza baten botoaren bila, erreakzioan sakontzeko hautua egin du, horrek onura elektoralak eman baitizkio. Bide hori sakontzen jarraituko du hemendik aurrera.

"Sistema politiko guztia da parametro autoritarioetan sakontzen ari dena. Faxismoari aurre egiten dioten gazteak kriminalizatzea horren adibide da [...]. Alderdi politiko guztiak ari dira eztabaida politikoaren marko autoritarioa erosten"

Kriminalizazio-kanpaina horretatik haratago, sistema politiko guztia da parametro autoritarioetan sakontzen ari dena. Faxismoari aurre egiten dioten gazteak kriminalizatzea horren adibide da, baina baita eztabaida politiko nazionala margoketa edo antzeko seinalamendu-moduen inguruan ardaztea ere. Alderdi politiko guztiak ari dira eztabaida politikoaren marko autoritarioa erosten.

Alderdi sozialdemokrata eta liberal klasikoak faxismoaren aurkako borrokatik elikatu nahi dira, euren burua antifaxistatzat hartuz. Antifaxismo instituzionalaren zer irakurketa egiten duzue?

Falangeak Gasteizen egindako ekitaldiak edo Vito Quilesek Iruñean egin nahi zuen agerraldiak bi antifaxismo-eredu ezberdin garatzen ari direla erakutsi zuten: alde batetik, antifaxismo instituzionala, ezkerreko alderdi erreformistek defendatzen dutena, eta faxismoaren inguruko kezkari probetxu elektorala ateratzean oinarritzen dena; baina, bestetik, kale-mailako antifaxismo iraultzailea, herri-mugimenduko eta klase-izaerako eragile ugarik defendatzen dutena, eta faxistei kalean aurre egiteko prestutasuna duena.

Espainiako Estatuan PSOEren inguruan ardazten da antifaxismo instituzionala, eta, planteamendu politiko bezala, muga, ezintasun eta arrisku larriak ditu. Hasteko, PSOEk baimendu baitio faxismoari lehen pauso batzuk ematea. Talde faxistak Justizia Ministerioan erregistratu dira, manifestazioak egin dituzte eta kale-mailako presentzia normalizatzea lortu dute (Nucleo Nacionalek edo Falangeak egin duten moduan, beste askoren artean); edo inpunitate osoz ekintza biolentoak eta armatuak egiten ari dira orain dela urte batzuetatik, Desokupak edo etorkinak jipoitzen dituzten beste talde batzuek egin bezala. Eta ezin dugu ahaztu faxismo mediatikoa legezkoa dela Espainiako Estatuan, bere intereseko errelato, gezur eta diskurtsoak hedatzen baititu. Horrenbestez, antifaxismo instituzionalak ez du estatuaren eta faxismoaren artean dagoen kolaborazioa apurtu.

"Antifaxismo instituzionalak ez du estatuaren eta faxismoaren artean dagoen kolaborazioa apurtu"

Bestalde, ezkerreko alderdi horien hautesleen artean, gero eta pisu handiago dute ideia erreakzionarioek. Erreakzioa borrokatu beharrean, alderdi guztiak eskuinerantz biratzen ari dira, kuota elektoral handiagoak lortzeko. Baina horrek kalte baino ez dio egiten borroka antifaxistari. Hori gutxi balitz, kale-mailako antifaxismoa kriminalizatu dute. PSOE edo EAJ bezalako alderdiek, euren burua antifaxistatzat duten arren, kaleko erantzun antifaxistak salatu eta kriminalizatu dituzte.

Antifaxismo instituzionala defendatzen duten alderdi parlamentarioak ez dira ideologia iraultzailean oinarritzen, ezta miliantantzia politikoan ere. Beren jarduna antifaxismo elektoral bat eraikitzera bideratzen dute. Faxismoari aurre egiteko konpromiso militantea eta eskuzabaltasuna falta zaizkie.

Beraz, zein da zuek egiten duzuen apustua?

Gure apustua langileria iraultzaileak gidatutako klase-fronte bat osatzea da, faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurka. Herri-mugimendutik eta langile-kolektiboetatik eraikitako fronte bat sortu behar dugu, estatuetatik datozen neurri antiproletarioei eta faxismoari aurre egiteko.

Horrek zenbait ezaugarri eta eginbehar dituela ulertzen dugu. Lurralde askotan antifaxismoa hein batean desartikulatuta dagoen eta faxismoa belaunaldi gazteetan hedatzen ari den garai honetan, antifaxismoa masa-joera izatea lortu behar dugu. Norabide horretan, komunistok antifaxismo berriaren zutabe izan behar dugu. Bai kale-mailan bai ideologikoki, erreakzioa eta faxismoa garaitu behar ditugu, modan jarri nahi dituzten errelato arrazistak, mitologia nazionalistak, iruditegi matxistak eta abarrak baliogabetuz.

"Bai kale-mailan bai ideologikoki, erreakzioa eta faxismoa garaitu behar ditugu, modan jarri nahi dituzten errelato arrazistak, mitologia nazionalistak, iruditegi matxistak eta abarrak baliogabetuz"

Eta uste dugu faxismoaren eta estatuen erreforma autoritarioaren aurkako fronteak ezin duela alderdi parlamentarioekiko menpekoa izan. Kontrara, langileria bloke bezala artikulatu behar dugu, independentzia politiko eta organizatiboan oinarrituta, eta masa-dimentsioa hartu behar du. Klase-izaerako masa-fronte horrek izan behar du antifaxismoaren adierazle organizatibo behinena, estatuaren erreforma autoritarioari aurre egiteko eraginkortasuna irabazi behar duena.

Faxismoaren eta estatuen erreforma autoritarioen aurkako borroka elkarrekin garatu behar direla planteatzen duzue. Sakondu dezakezue bigarren elementua?

Oligarkiak mundu osoan zehar estatu kapitalistaren paradigma berri bat ezarri nahi du: estatu autoritarioa. Eta ezin dugu ahaztu faxismoa estatu-eredu horren aldeko ideologia dela. Horrenbestez, gure ustez, bi errealitate horiei aurre egiteko frontea eratu behar dugu.

"Oligarkiak mundu osoan zehar estatu kapitalistaren paradigma berri bat ezarri nahi du: estatu autoritarioa. Eta ezin dugu ahaztu faxismoa estatu-eredu horren aldeko ideologia dela"

Alderdi erreformisten planteamenduak muga nabarmenak ditu. Izan ere, faxismoaren aurkako borroka elektorala hankamotz gelditzen da zentzu askotan. Hasteko, ez dutelako ezer egin faxismoak pausorik txikiena ere eman ez zezan. Baina hortik haratago, Europako agintarien agendari men eginez, PSOEk gidatutako ezkerreko gobernuak erreforma eta neurri autoritarioak ezarri ditu: aurrekontu militarren gorakada, Mozal Legearen jarraipena, langile-borroken aurkako errepresioa, Poliziaren inpunitatearen gorakada... Horrela, Espainiako Gobernuak faxismoari etxeko lanak egiten dizkio.

Horregatik ere badiogu fronte antifaxista langileriaren independentzian oinarritu behar dela; eta, horrekin batera, oligarkiaren helburua den estatu-eredu autoritarioari aurre egiteko balio behar duela, gutxienez hiru eremutan: eskubide zibil eta politikoen murrizketari, Poliziaren jazarpen eta inpunitate gorakorrei, eta estatuen militarizazioari eta neurri gerrazaleei aurre egiteko, alegia.

Borroka horrek guztiak ortzi-muga estrategiko bat eskatzen du, gure ustez, estatu sozialista dena; hau da, langileon intereseko estatu-eredua, nazioarteko dimentsioa eduki behar duena eta klaserik gabeko gizarte baterako oinarriak jarriko dituena.

Norabide horretan, zein dira zuen lehentasunak?

Guretzako lehentasunezkoa da langile-klasearen problematikak erdigunean jarriko dituen borroka-testuinguru bat sortzea. Hau da, etxebizitza-ezintasuna eta etxegabetzeak, hezkuntza-problematika, osasungintzaren kaskartzea, energia berriztagarriei lotutako enpresarien makroproiektu txikitzaileak, ehun industrialaren desegitea eta lan-baldintzen okerragotzea, Palestinako genozidioa, indarkeria matxista eta emakume langileen aurkako zapalkuntza... Horiek dira langile-klasearen eguneroko problematikak, eta hor kokatu behar dugu eztabaida publikoa, zeinetan faxismoa ez dagoen batere eroso. Uste dugu beharrezkoa dela problematika horiei lotutako mobilizazioak egiteko apustuarekin jarraitzea, faxismoari kaleak eta sistemaren aurkako diskurtsoa oparitu gabe.

"Guretzako lehentasunezkoa da langile-klasearen problematikak erdigunean jarriko dituen borroka-testuinguru bat sortzea. [...] hor kokatu behar dugu eztabaida publikoa, zeinetan faxismoa ez dagoen batere eroso"

Eta ezin diogu faxismoari nazio-kontzeptua ere oparitu. Faxismoak nazio-ikuspegi supremazistaren eta esentzialistaren gorazarrea egiten du, nazio zapalduen aurkako ideiak zabaltzen ditu, eta nazioen defentsa gainontzeko nazioekiko gudan kokatzen du. Beraz, beraiena supremazismoan, esentzialismoan eta etsaitasunean oinarritutako gorroto-ikuskera bat da. Kontrara, ezinbestekoa da guretzat ikuskera horri aurre egitea, nazio zapalduen autodeterminazio-eskubidea defendatzea eta hori guztia ikuspegi internazioalista eta iraultzaile batetik lantzea.

Bestetik, oligarkiaren ofentsibak eta ziklo politiko erreformistak sortu dituen haserrea eta desatxikimendu politikoa polarizatu behar ditugu. Eta desatxikimendu hori oligarkiaren eta bere instituzioen aurka polarizatu behar dugu: besteak beste, Europako Batzordearen, NATOren edo patronalen aurka. Ezin dugu utzi haserre eta ezinegon soziala faxismoaren bazka bihur dadin.

Eta, horrekin batera, guretzat garrantzia berezia duena: gazteria langilearen kontzientzia piztu eta komunismoa joera kultural bihurtu behar dugu. Funtsezkoa da gazte-belaunaldietan ikuspegi sozialista-iraultzailea hegemoniko bihurtzea, ikuspegi klasista eta faxisten aurka.

"Ezin dugu utzi haserre eta ezinegon soziala faxismoaren bazka bihur dadin"
NO HAY COMENTARIOS