ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/09/01 18:45

Gasteizko (Araba) hainbat kirol instalakuntzetako sorosleek eta begiraleek euren lan-baldintzen aldeko borroka abiatu zuten abuztuan; gaur, greba amaigabea abiatu dute. Langileek aurreko asteetan salatu dutenez, Gasteizko Udalak eta enpresa esleipendunek COVID-19aren hedapenaren testuinguruan hartutako hainbat neurrik sakondu egin dute euren lan-baldintzen kaskartzean. Aurretik greba egiteko eman zituzten arrazoiei, gainera, behargin baten kaleratzea, "udalak greba boikoteatzeko eginiko saiakerak" eta azken bilera "etsigarriak" gehitu dizkiete gaurkoan.

Abuztuaren 10ean hasi zuten borrokaldia Gasteizko begirale eta sorosleek, egunero lau orduko lanuzteak eginez. Tartean, etenaldi bat egin zuten negoziazioak aurrera zihoazela eta, haien "borondate ona" erakusteko; aurrerapenik ez bazegoen, ordea, gaur greba mugagabea hasiko zutela ohartarazi zuten.

MURRIZKETEN AURKA

Borrokari ekin ziotenetik, koronbirusa "aitzakiatzat" hartuta kirol jardueren sektorean egindako murrizketak salatu dituzte beharginek. Azaldu dute, hilabete eta erdiko enplegua eta soldata galdu dituztela eta ez dutela enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienterik izateko aukerarik izan.

Langileen esanetan, sektorean "behin-behinekotasun handia" da nagusi, eta "kaotikoa" eta prekarioa da egoera. Gaineratu dute ez daukatela birusaren aurrean babesteko behar bezalako ekipamendurik eta protokolorik. Bestalde, langileek salatu dutenez, haien aldarrikapenen eta borrokaldiaren aurrean, udala eta enpresak "pilota elkarri botatzen" ari dira.

Aurrez egin zituzten lau orduko lanuzteek jarraipen handia izan zuten langileen artean, eta horrela, udalak Mendizorrotzeko eta Gamarrako igerilekuak itxi behar izan zituen beharginen etenaldietan.