ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Gaurko mobilizazioa Donostian. Argazkia: ELA
2021/03/04 12:59

Hego Euskal Herriko zaintza arloko langileek grebara jo dute gaurkoan ere. Bilbon (Bizkaia), Donostian (Gipuzkoa), Gasteizen (Araba) eta Iruñean (Nafarroa) egin dituzte mobilizazioak, "zaintza profesionalizatua, publikoa, duina, unibertsala eta doakoa" aldarrikatzeko, besteak beste. Azaroaren 17an eta urtarrilaren 26an ere greba egin zuten eskakizun berdinekin. 

"Zaintza sektoreetako prekaritatean, pribatizazioan eta egoera kaxkarrean instituzioek duten ardura" seinalatu nahi izan dute gaurkoan langileek. Egungo gizarte-zerbitzuetan, zaintza-lanak "erantzukizun publikoak" izan arren, "enpresen onura ekonomikoak onura asistenzialei gailentzen" zaizkiela salatu dute. Hala, sarri "zaintza duina bermatzeko" ezintasuna nabarmena izaten dela azaldu dute.

Jasaten dituzten lan-baldintzak salatzeaz gain, langile gehiago kontratatzea eta, orokorrean, lan-baldintzetan hobekuntzak izatea eskatu dute beste behin, "horretarako hitz gutxiago eta ekintza gehiago" exijituz instituzioei. 

Gaurkoan ere zaintza sektoreko behargin ugari joan dira grebara; hala nola, adinekoen egoitzetan, eguneko zentroetan, etxeko laguntzan, hezkuntza aisialdian eta bestelako lanetan soldatapean ari direnak. Hainbat izan dira, bestalde, babesa adierazi dieten kolektiboak, besteak beste, Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialista nahiz lekuan lekuko pentsiodunen plataformak.