Aurreko udazkenean, Donostiako (Gipuzkoa) kaleetan mezu arrazistak eta klasistak zabaltzeko saiakera bat egin zuten Telegram talde baten bidez: Lo que no te cuentan de Donosti. Delinkuentziaren kontra egitea aitzakiatzat hartuta, Kaleko Afari Solidarioen (KAS) kontra hasi ziren mobilizatzen Egia auzoan, eta pertsona migratzaileak jopuntuan jartzeko deialdiak hedatzen saiatu ziren beste auzo batzuetara. Gorroto-mezu horiei aurre egiteko antolatu zen jende andana, ordea, eta elkarretaratze erreakzionarioak geratzea lortu zuten. Hala ere, aktibo jarraitzen du Telegram taldeak.
Atzo, urtarrilaren 9an, Said izeneko mutil batek galdu zuen bizia Donostiako Herrera auzoko tren-geltokian. 22 urte zituen. Itxura denez, trenbidea gurutzatzen saiatzean geratu zen harrapatuta, eta aurretik eraman zuen tren batek. Heriotza izugarri horrek, atsekabea sortu beharrean, badirudi barregura edo poza sortu diela Telegrameko talde erreakzionarioan parte hartzen duten askori: hildakoa pertsona migrantea dela-eta, gorrotozko isekak eta komentario arrazistak eta klasistak egin dituzte bertan azken orduetan, ohiko joeran.
Saiden gertukoek bera oroitzeko ekitaldi bat antolatu dute, eta deialdi horren kartela bidali du norbaitek Telegram taldera, hildako gaztearen argazkia barne. Horri isekazko irribarredun emotikonoen bidez erantzun dio askok, eta komentarioak ikaragarriak izan dira: "Zer gaizki, urte batzuen buruan pentsioa ordainduko zidalako aurpegia du", "Brokoli-ilearen trend berria maite dut", "Parasito sozial bat bada normala da jendeak halako gauzak komentatzea", eta abar.