ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Goierriko Kontseilu Sozialistak Zegamako plazan egindako protesta bat.
2022/11/29 12:00

Laneko Autodefentsa Sare bat jarri du martxan Goierriko Kontseilu Sozialistak, sare sozialen bidez jakinarazi duenez. "Krisi garaia bizitzen ari garen honetan, lan eta bizi baldintzen okertze orokortua sufritzen ari gara", azaldu du gaur egungo egoerari dagokionez. Horrekin lotu ditu "oinarrizko produktuen garestitzea", "soldata errealaren jaitsiera" nahiz "azpikontratatutako lanen orokortzea". Horrek guztiak, zehazki "lan eremuan ditugun eskubideak urratzeko abagunea irekitzen" duela ohartarazi du Kontseilu Sozialistak, eta "langile klasea gero eta babesgabeago" dagoela seinalatu du. "Kapitalaren erasoak langile klasearen geroz eta geruza zabalagoen babesgabetasun egoera handitzen ari dira", dio.

"Egoera horren aurrean", Goierriko Kontseilu Sozialistako kideek "ezinbestekotzat" jo dute "autodefentsa mekanismo egokiak sortzea eta garatzea". Gogorarazi dute orain arte Bategin sarea arduratu dela eskualde horretan "erantzun hori emateaz", baina, "bere mugez jakitun, eta Kontseilu Sozialistaren parte bihurtu den heinean, modu autonomo batean lan egiteari utzi eta koherentzia nahiz perspektiba estrategikoa mantentzeko asmoz, Goierriko Laneko Autodefentsa Sare bilakatu da".

"Langileei doako tresnak eskaintzen jarraitzeaz gain, lan eremuan hobekuntzak lortzea eta langileon antolakuntza gaitasunak indartzea ezinbestekoa da", nabarmendu dute Kontseilu Sozialistako kideek. "Hala ere, ez ditugu hobekuntza horiek azken helburu bezala ulertzen, aurrerapauso moduan baizik", zehaztu dute: "Izan ere, borroka prozesu horren ortzi-muga guztiontzako kalitatezko lan baldintzak eta ongizate unibertsala lortzea izan behar da, zeina soilik posible izango den Estatu Sozialistaren eraikuntzarekin".

Aurkezpen saioa abendu hasieran

Kontseilu Sozialistako kideek jendaurrean aurkeztuko dute Goierriko Laneko Autodefentsa Sare berria, abenduaren 5ean, Beasaingo (Gipuzkoa) udal aretoan. 18:00etan izango da aurkezpen saioa, eta horren ondoren, lan kontratuak irakurtzen ikasteko tailer bat eskainiko dute.

NO HAY COMENTARIOS