BBK Live uztailean izango da Bilbon (Bizkaia), eta makrojaialdiaren bueltako "lan-gatazka isildua" salatu du berriz Bilboko Laneko Autodefentsa Sareak (LAS). Last Tour enpresaren gain dago ekimenaren antolaketa, eta LASek azaldu du konpainiaren "onurak langile-klasearen zuzeneko esplotazioan eta kultur-industriaren monopolizazioan baino ez direla oinarritzen".
LASek zenbait urte daramatza "BBK Live jaialdiko lan-baldintza negargarriak etengabe salatzen", jaso dituen hainbat eta hainbat lekukotza abiapuntutzat hartuta. Horrekin, "jaialdiaren barruan gertatzen dena argitara ematea" izan da autodefentsa-sarearen asmoa, "bai eta horri eusten dioten egiturak argitara ematea ere; Last Tour sustatzailetik hasita, hura babesten duten instituzio publikoetaraino".
Last Tour: lan-abusuak eta urraketak
"Last Tour Espainiako Estatuko sustatzaile handienetako bat da, boterea eta eragina etengabe metatzen doana", azaldu du LASek: "Horren erakusgarri dira bere negozio-bolumena (urtean gutxienez 100 milioi euroko fakturazioa baitu) eta CEOE patronalean sartu izana".
Horrez gain, gogorarazi du Last Tourrek "harreman zuzena" daukala "jaialdi eta musika talde ugarirekin". Eta, ohartarazi duenez, enpresak "Hirian edo Herrian bezalako doako ekitaldiei esker irudi publiko positiboa islatzea lortu" duen arren, "errealitate askoz gordinago bat" dago "balizko irudi atsegin horren azpian": hain zuzen ere, "lan-abusu normalizatuak, kontratuz kanpoko ordainketak, aparteko orduak ez ordaintzea, atsedenik gabeko 15 ordura arteko lanaldi amaigabeak, eta ekitaldi horietan lan egiten dutenen eskubide oinarrizkoenak sistematikoki urratzen dituzten hainbat eta hainbat praktika".
Bilboko Udala ere, langileon prekaritatearen erantzule
Enpresa gaitzesteaz gain, baina, LASek azaldu du erantzukizun zuzena dutela erakunde publikoek ere, Bilboko Udalari azpimarra eginez. Uste du BBK Liven sortzen den egoera "instituzio publikoek eta politikari profesionalek Last Tourri ematen dioten onurazko tratuaren ondorio zuzena" dela; izan ere, udalak 1,5 milioi euro bideratzen ditu makrojaialdira, eta "erraztasun ugari" ematen dizkiote bai udalak bai Bizkaiko Foru Aldundiak.
Hitzaldia uztailaren 12an
BBK Live eta bertan izaten diren hamaika urraketen erantzuleak jopuntuan jarriz, salaketa-ekintzak eta protestak egin ditu LASek azken urteetan. Esaterako, mobilizazio bat egin zuen iazko uztailean EITBren San Mameseko egoitza aurrean, "jaialdiaren aurpegi ezkutua ikusarazteko eta iritzi publikoaren aurrean lan-gatazka agerrarazteko".
Aurten, "salaketa lan-, kultura- eta politika-ikuspegitik sakontzeko asmoz", hitzaldi bat antolatu du uztailaren 2rako, makrojaialdiek ezkutatzen dutenaz. Areatzako Tinglatuetan izango da saioa, arratsaldeko 18:30ean, eta "BBK Live jaialdiarekin eta beste hainbat jaialdirekin lotutako lan-baldintzak, Last Tourren eragin kulturala eta erakunde publikoekin dituen loturak" aztertuko dituzte. LASeko kideek eta hainbat artistaren Aurka plataformak emango dute hitzaldia.