Hainbat urte dira jada, San Fermin jaien atarian, mobilizazio bat egiten duela Iruñerriko (Nafarroa) Laneko Autodefentsa Sareak (LAS), enpresarien eta erakunde publikoen inpunitatearen aurka. San Ferminek esplotatzen zaitu! lelotzat hartuta zabaldu du urte honetarako deialdia LASek: uztailaren 4an egingo du manifestazioa, arratsaldeko 18:00etan Nabarreriatik hasita.
"Beste behin ere, Iruñerriko langile-klasea urteko enpresa-abusu epe larrienari aurre egiteko prestatzen ari da", seinalatu dute LASetik: "Jaiek irauten duten bederatzi egunetan, hiriak turistifikazioaren alde dena ematen du, langile-klasea bere etxetik kanporatua izatera edo esplotatua izatera behartuz bai enpresari bai jabe handiengatik, baita txikiengatik ere". Eta salatu du, gainera, "instituzioek kontzienteki onartzen" dutela "abusu-egoera hori", "jaiaren eta algararen alfonbrapean ezkutatuz".
LASek azpimarratu du, baina, "horren atzean" daudenak direla "gehien aberasten diren sektoreetako langileak"; hala nola ostalaritzakoak, merkataritzakoak eta garbiketakoak. Bereziki gogoan izan ditu hiri-garraioko beharginak, greban egongo baitira sanferminetan, "enpresaren eta mankomunitatearen etengabeko abusuen eta inpunitatearen aurkako borrokan".