ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/09/27 07:56

Gaur, hilak 27, oharra argitaratu du Gazte Koordinadora Sozialistak, Gudari Eguna dela eta. "Asko izan dira, langile mugimenduaren historian zehar, askatasuna helburutzat eduki duten proiektuen alde bizitza eman duten militanteak", dio GKSk, eta azpimarratu du askatasunaren aldeko borroka horiek "giza talde baten dominazio" egoeratik eta horrek oinarrian duen "botere-erregimenetik askatzeko borroka prozesuaren" parte izan direla.


GKSko kideen esanetan, "termino kritiko" gisa, "injustizia bat seinalatzen" du askatasunak; "eta zentzu horretan ez da abstraktua, zehatza baizik, injustiziaren forma aktual edo gaurkotuari" egiten baitio erreferentzia. Hala, militante horiek "langile mugimenduaren memoria politikoan bizirik mantendu" daitezen lan egingo dutela adierazi dute; hain zuzen, langileriaren mugimendu politikoa "askatasunaren aldeko proiektua antolatzen eta indartzen saiatu" denean, "aurreko tradizio emantzipatzailearen lekukoa kritikoki hartu behar izan" baitu, GKSk azaldu duenez.


Hala, "militante politikoak memoria kolektiboan gordetzea" eta "praktika politikoa botere-dinamika aktualetara egokitu behar" izatea eskutik doaz, GKSko kideen arabera. "Kritikaren, teoria politikoaren eta memoriaren momentu horiek bere garrantzia izaten jarraitzen dute oraindik".


Urte luzez, Euskal Herrian ere "gizarteko masa zabalak esplotazio ekonomikotik askatzeko" eta "zapalkuntza nazional burgesarekin amaitzeko helburu zuen proiektua" "azken muturrera" eraman duten militanteak oroitu nahi izan ditu, beraz, GKSk. Horrekin batera, "langileriaren askapenerako programa antolatzen, sektore ahulenak defendatzen eta, oro har, Euskal Herriaren askatasuna termino ekonomiko, politiko eta kulturaletan gorpuztu zedin ekarpena egin duten guztien errekonozimendua" aldarrikatu du.


ASKATASUNAREN PROIEKTUA, SOZIALISMOA


Egungo egoerari erreparatuta, nabarmendu dute Euskal Herrian, oraindik, burgesiak duela "lurraldearen gaineko aginte eta erabakitze gaitasuna"; eta, "Euskal Herriaren konfigurazio sozioekonomikoak sistema kapitalistaren legeen araberakoa" izaten jarraitzen duela. Gainera, burgesiaren egituraketa sozioekonomikoa "mundu mailako kapital bloke inperialisten konpetentzi-harremanek eta interesek determinatzen dutela" seinalatu dute.


Testuinguru horretan, askatasunaren proiektua "programa sozialistaz ezaugarritu behar dela" azpimarratu dute GKSko kideek, eta "teoria iraultzaileak aspaldian ekoitzitako helburu zein kriterio politikoen defentsa" mahaigaineratu: "ekoizpen bitartekoen sozializazioa eta Estatu Burgesaren suntsitzea". Zentzu horretan, defendatu dute askatasunaren aldeko borrokak, "Euskal Herriarenak barne", "aspektu politiko, ekonomiko eta soziala artikulatu behar dituela".


Borroka horrek "osotasun edota iraultza bezala garatu behar dela" itritzi dio GKSk, "prozesu sozialista internazionalarekin elkartuta". Euskal Estatu Sozialistak "prozesu horri ekarpena egiteko baldintzak" jarriko dituela eta, "proletariotzaren botere internazionalak, Euskal Herriaren askatasuna handitzen lagunduko duela" ere adierazi du.


Azkenik, "Espainiako eta Frantziako estatu burgesek Euskal Herrian ezartzen eta iraunarazten duten erregimen burgesaren aurkako antolakuntza politikoa ehuntzen jarraituko dutela" aldarrikatu dute GKSko kideek. Finean, "sozialismoaren eraikuntzarako indarrak eta antolakuntza gaitasunak handitzeko apustua" berretsi dute.