ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/05/01 08:26

Langileon Nazioarteko Eguna da gaur, eta, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) deituta, milaka lagun atera dira kalera. Bilbon (Bizkaia) egin zuen mobilizazio deialdi nazionala Euskal Herriko Mugimendu Sozialistaren antolakunde nagusiak, EHKSk, eta horrekin bat egin dute milaka pertsonak. 13:00ak pasatxo hasi da manifestazio jendetsua Bilboko Jesusen Bihotzetik.

Gasaren Plazan amaitu da mobilizazioa, eta bertan hartu dute hitza EHKSko bozeramaile Ane Ibarzabalek eta Peio Ormazabalek. Gogorarazi dutenez, Maiatzaren Lehena ez da "oroimen hutserako egun bat": "Munduko proletalgoaren hamarkadatako ondare iraultzailea geure egin, irakaspenak eguneratu eta gizarte kapitalistaren aurka langileriaren boterea eraikitzen jarraitzeko beharra da gaur aldarrikatu nahi duguna".

Horri lotuta, euren gain hartu dute "langile mugimendu iraultzailearen milioika militanteren lekukoa". Hori dela-eta, "egun kartzeletan jarraitzen duten iraultzaileen amnistia" ere exijitu dute gaur, beste urte batez.

"Iraultza sozialistarena urgentziazko hautu politiko bat da proletalgoarentzat, burgesiak bultzaturiko austeritatearen, gerra-sarraskien eta lurralde eta ekosistemen suntsiketaren aurrean"

Dena den, EHKSk azaldu du "langileriaren askatasunaren aldeko borroka" ez dela "iraganeko kontua": "Are gehiago, egungo testuinguruan iraultza sozialistarena urgentziazko hautu politiko bat da proletalgoarentzat, burgesiak bultzaturiko austeritatearen, gerra-sarraskien eta lurralde eta ekosistemen suntsiketaren aurrean".

Mendebaldea, gerra eta baliabideen gaineko kontrola

Gaur egungo testuinguru horri guztiari erreferentzia eginda, beraz, EHKSk adierazi du "eskala handiko gerra aukera erreal bat es" dela une honetan "Mendebaldeko oligarkientzat": "NATOren mandatuei jarraiki Europar Batasunak modu irekian hitz egiten du berrarmatzeaz".

Ohartarazi du, esaterako, Espainiako Estatuan gastu militarrera 24.000 euro bideratu dituela PSOEren eta Podemosen gobernuak; eta Frantziako Estatuan, adibidez, derrigorrezko soldaduska berriz ezartzea dagoela mahai gainean orain bertan. Mendebaldeko agintariek "gerra propaganda hauspotu, estatuen autoritarismoa indartu eta sistematikoki eskubide politikoak mugatzen dituzte", EHKSk seinalatu duenez.

Mendebaldeko agintariek "gerra propaganda hauspotu, estatuen autoritarismoa indartu eta sistematikoki eskubide politikoak mugatzen dituzte", EHKSk seinalatu duenez

Zentzu horretan, Mugimendu Sozialistak bereziki salatu du "Mendebaldeko gobernu eta alderdi politiko profesional guztien babesa" dutela sionistek "palestinar herriaren genozidioa aurrera eramateko". Izan ere, "arma bidalketak handitu eta harreman komertzial zein diplomatikoak mantendu dituzte" haiekin, EHKSren esanetan. "Hori guztia, palestinar herriaren aldeko elkartasuna debekatzen duten bitartean egin dute", gaineratu du.

Argi eta garbi esan du EHKSk: "Israelgo Estatua estatu genozida bat da oinarritik hasita, eta bere existentziak Palestinako herriaren erailketa dakar". Hortaz, aldarrikatu du ez dela "zilegia", funtsean, "Israelgo Estatuaren izaera" bera. Maiatzaren Lehenean, hala, elkartasun osoa adierazi die "Palestinako herritarrei eta erresistentziari".

Salatu dute "Mendebaldeko gobernu eta alderdi politiko profesional guztien babesa" izan dutela sionistek "palestinar herriaren genozidioa aurrera eramateko"

Laburbilduz, EHKSk seinalatu du "baliabideen eta lurraldeen gaineko kontrola" dela "gerra testuinguruaren oinarrian dagoena". Eta, bozeramaileek nabarmendu duten bezala, ondorio argi bat dakar "baliabide horien kudeaketa kapitalistak": "Planetaren eta ekosistemen suntsiketa azeleratua". Horrek, gainera, "oinarrizko baliabideen falta" dakar "munduko milioika langilerentzat"; bai eta " ingurune geroz eta kutsatuago bat" ere, "bizitza jasangaitz egitea dakarrena".

"Sozialismoa da potentzia inperialisten arteko gerrekin behin betiko bukatu eta naturaren zein gizakiaren arteko harremana modu arrazional eta jasangarrian kudeatzea ahalbidetzen duen sistema bakarra"

EHKSk, beraz, beharrezkotzat jo du "ekosistemen suntsiketari aurre egitea eta borroka horiek guztiak sozialismoaren norabidean kokatzea", "sozialismoa delako potentzia inperialisten arteko gerrekin behin betiko bukatu eta naturaren zein gizakiaren arteko harremana modu arrazional eta jasangarrian kudeatzea ahalbidetzen duen sistema bakarra".

Proletalgoaren pobretzea eta miseriaren erantzuleak

Horretaz gain, gaur egungo testuingurua aletzen jarraituta, EHKSk azpimarra egin dio "proletalgoak gero eta era nabariagoan bizi duen pobretzeari". "Burgesiak kosta ahala kosta bere irabaziak mantentzen jarraitu behar du, eta langileriaren bizkar ari da hori egiten, prezioen igoerarekin, lan-baldintzen prekarizazioarekin, eta abar", salatu dute bozeramaileek: "Proletalgoak gero eta mugatuagoa du bere osasuna eta bizitzeko gutxienekoak bermatzeko kalitatezko zerbitzuetarako sarbidea".

"Alderdi instituzionalek gero eta minoritarioagoak diren langile batzuen eta klase jabedunen pribilegioak babesten dihardute"

Hala ere, horren aurrean, EHKSk iritzi dio argia izaten ari dela alderdi instituzionalen jarrera: "Gero eta minoritarioagoak diren langile batzuen eta klase jabedunen pribilegioak babesten dihardute". Horren adibidetzat jo du, hain zuzen ere, alderdi horiek "osasungintza pribatuko entitateen finantziazioa bultzatu" izana.

"Proletalgoarentzat beraz, partida ez da kapitalismoaren mugen barruan jokatzen. Estatu kapitalisten logika eta instituzioak jarraitzeak ez du balio langile klasearen emantzipaziorako"

EHKSko bozeramaileek esan dute, gainera, "instituzioetako alderdi guztiak" ari direla "gerran eta austeritatean oinarritzen den Mendebaldeko oligarkien agenda babesten", "ezkerreko zein eskuineko promesa elektoraletatik harago". "Proletalgoarentzat beraz, partida ez da kapitalismoaren mugen barruan jokatzen", xehatu dute: "Estatu kapitalisten logika eta instituzioak jarraitzeak ez du balio langile klasearen emantzipaziorako".

Badago alternatiba

Hala ere, horren guztiarekin aurka, "alternatiba badagoela" uste du EHKSk; "oligarkien eta politikari profesionalen alderdietatik kanpo, militantzian eta borrokan oinarritutako politika ereduaren eskutik". "Alternatiba erreal bakarra", hain justu, "langile boterearen eraikuntza" dela aldarrikatu du, "ongizate unibertsalean oinarritutako klaserik gabeko jendarte batera bidean".

EHKSko bozeramaileek jakinarazi dute, "milaka militanteren eguneroko lanarekin, bizitzako eremu guztietan burgesiaren boterea modu bateratuan kolpatu eta langileen interesen mende egongo diren instituzio berrien sorrera ahalbidetuko duen Prozesu Sozialista bultzatzeko" atera direla kalera beste behin.

Gainera, ohartarazi dute "nazioarteko dimentsioa hartu" behar duela "burgesari aurre egin diezaiokeen langile boterearen eraikuntzak". "Aurreko ziklo iraultzailetik irakaspenak atera eta fase politiko berri bat hasi behar du proletalgoak: lurraldez lurralde hedatuko den alderdi komunistaren eraikuntza", jarraitu dute. EHKSk "norabide horretan" egin nahi du bere ekarpena, "Euskal Herriko proletalgoaren anbizio politikoa bultzatuz".

"Instituzioetatik eskaintzen dizkiguten alternatiba faltsuen aurrean, proletalgoarentzat benetakoa den alternatiba bakarra eraikitzeko deia egin nahi dugu gaur", laburtu dute bukaeran: "Azken bi mendeetako sozialismoaren aldeko borrokaren lekukoa geure egin behar dugu, ez dagoelako beste biderik, klaserik eta inolako zapalkuntzarik gabeko jendartea eraikitzearen alde gure eskuetan dagoen guztia ematea baino".

NO HAY COMENTARIOS