ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
General Mills enpresako langileak, grebara deitzen. Argazkia: ELA
2022/03/10 19:40

San Adriango (Nafarroa) General Mills elikagai-enpresako langileek greba egitea erabaki dute, martxoaren 15etik 17ra. Beharginen arabera, enpresak lan-hitzarmena hautsi du, ez baititu euren ordainsariak KPIaren aldaketaren arabera igo, eta ez du %0,5eko atzeraeraginezko izaera duen igoera ere aplikatu. Ordainsaria urtean 1.000 euro jaistea dakar soldaten izozteak, indizearen aldaera handia izan baita.

Antza, enpresako zuzendaritzak eta langileen batzordeak 2021eko maiatzean sinatu zuten hitzarmena, baina hura betetzeko unea iritsi eta zuzendaritzak ordainsariak igotzeari uko egin dio. Negoziazioak berrartu nahi ditu zuzendaritzak, baina uko egin diote langileek, lortu zuten ituna betetzea nahi baitute.

Zentzu horretan, beharginek azpimarratu dute zuzendaritzaren erabakia ez dagoela likidezia-arazoei lotuta —enpresak berak onartu omen du—, eta ondorioztatu dute adostutako baldintzak "promesa faltsu bat" besterik ez zirela izan.

ABEE bat martxan General Millseko plantan

Bestalde, aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente bat (ABEE) martxan jartzeko asmoa adierazi du zuzendaritzak, eta horrek langileen "soldata egoera" okerragotuko lukeela azaldu dute.

Izan ere, azken lan-erreformak ABEEen aplikazioa zabaldu du eta erraztasun handiagoa dute enpresek horiek tramitatzeko, malgutasunari bidea irekiz eta langileen soldatak txikiagotuz, zeharka bada ere. Espedienteek iraun bitartean, ordainsarien finantziazioa instituzio publikoek hartzen dute beren gain.

NO HAY COMENTARIOS