ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/06/25 12:04

Durangon (Bizkaia), gaur goizean epaitu dute Kaletik Gaztetxera asanbladako kide bat, Gaztetxe berriaren irekiera dela eta. Fiskaltzak absoluzioa eskatu duen arren, epailearen sententziaren esperoan geratu dira orain. Epaiketa azkarra izan da, izan ere, lehenengo aldiz erabili dute okupazioaren aurkako lege berria Gaztetxe baten kontrako auzian. Hala jakinarazi dute Kaletik Gaztetxera asanbladak eta Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitateak, auzi-saioaren ostean epaitegi aurrean egindako agerraldian. 

Aurreko urtean sartu zen indarrean okupazioaren kontrako legea, EAJren ekimenez eta EH Bilduren nahiz PPren onespenarekin, prentsaurrekoan azaldu dutenez. "Defentsa Komunitatea osatzen dugun 30etik gora Gaztetxeek, beste hainbat espaziorekin batera, [...] borrokan jardun genuen okupazioaren kontrako neurri berri hau onartu ez zedin", ekarri dute gogora: "Neurriak okupazioa bide bizkorretik epaitzea zekarren, eta, horrek, langileriaren aurkako bitartekoak handitzea esan nahi du egun".

Hala azpimarratu du Defentsa Komunitateak: "Etxebizitza bat ordaindu ezin duten familiak kaleratzeko erraztasunak ez ezik, okupazioaren aurkako neurriak Euskal Herriko ondare politiko, sozial eta zein kulturalak diren Gaztetxeak mantentzea zailtzea ekartzen du, eta horren adibidea ikusten ari gara lehen aldiz Durangon".

Gaztetxeen defentsan

"Gaztetxeak zapalkuntza ororen aurkako printzipioekin konprometitutako gazte langileon espazioak dira", oroitarazi dute agerraldian: "Horrez gain, langile-kolektiboen gotorleku izan dira, eta herri nahiz auzoetako musika-talde zein kultur-ekintzaileen eszenatoki ere bai". Horiek horrela, defendatu dute "nekez eztabaida" daitezkeela "Gaztetxeek duten gaurkotasuna eta garrantzia".

Durangoko Gaztetxeari dagokionez, prentsaurrekoa baliatu dute espazio berriari "ongietorria emateko eta, martxan dagoen borroka, gu guztion Gaztetxeen borroka dela adierazteko". Eta gaineratu dute: "Mahai gainean dagoena Durangoko gazte langileentzako espazio bat da, baina baita gu guztion antolatzeko eskubidearen aldeko borroka ere".

Hortaz, Defentsa Komunitatetik dei egin dute Euskal Herriko Gaztetxeetan parte hartzera eta "aplikatzen hasi nahi duten EAJren lege berria salatzen jarraitzera".

NO HAY COMENTARIOS