Gazte Koordinadora Sozialistak urriaren 29an abiatu zuen Burgesiaren zuzeneko diktadura gelditu! kanpaina, "oligarkia finantzarioak, enpresari handiek eta politikari profesionalek ezarritako salbuespen egoera salatzeko". Euskal Herriko zenbait herri eta hiriburutan mobilizatzera deitu du ordutik, eta jendetsuak izan dira urriaren 31n, azaroaren 7an eta azaroaren 21ean egindako elkarretaratze eta manifestazioak. Orain, mobilizazio zikloaren balorazio positiboa egin dute GKSko kideek.
Haien esanetan, "mobilizazioek indartzen duten dinamika politikoan" jarri beharra dago arreta. Dinamika horri "sozialismoaren eraikuntzarako dena delako baldintza politiko eta organizatiboak" jartzean oinarritzen dela azaldu dute, eta horri "ekarpena" egiten saiatu direla mobilizazio zikloaren bidez. Elikatu dena, GKSko kideen arabera, "azkenaldian areagotzen ari diren pobreziaren eta askatasun ezaren aurrean, eta horrek sortzen duen haserrearen aurrean, aterabide komunistaren beharrezkotasuna aldarrikatzea" izan da. Horri lotuta, "antolakuntza komunistaz" hitz egitean, "langile sektore guztien mesederako izango diren instituzioak sortzeaz" ari direla azpimarratu dute.
AURRERA BEGIRA
Mobilizazio zikloari amaiera eman arren, GKSk ez du baztertu "askatasun politikoen urraketak edota antzeko beste problematikak salatzeko mobilizazioak" deitzea. Tokian toki nahiz Euskal Herri mailan, "gazteria langilearen pobreziari eta askatasun ezari aurre egiteko baliabideak sortuz", "ezarri dituzten salbuespen politiken izaera diziplinario eta errepresiboa salatuz" nahiz "areagotzen ari diren askatasun politikoen urraketa eta kontrol soziala salatuz", lan militantea egiten jarraituko dutela adierazi dute.
TWITTER
Bestetik, GKSko kideek jakinarazi dute zailtasun teknikoak izaten ari direla Twitter kontu berrira (@Gazteks_) sartzeko, eta arazoa konpontzeko lanean ari direla ohartarazi dute. Behin-behinean, Instagram kontu nazionalaren (@Gazteks_), GEDAR LANGILE KAZETAren eta hiriburuetako zein Ipar Euskal Herriko GKSren taldeen Twitter kontuen bidez emango du Euskal Herri mailako jardun politikoaren berri.