Aurrera doaz aurtengo Gazte Topagune Sozialista antolatzeko lanak, eta aurrera doa Gazte Koordinadora Sozialistaren (GKS) eta Ikasle Abertzaleaken (IA) urteroko ekimena. Atzo egin zuten agerraldi bat Burlatan (Nafarroa) GKSko eta IAko hainbat kidek, eta modu horretan berretsi zuten Topagune Sozialista, aurretik jakinarazi modura, Atarrabian (Nafarroa) eta Burlatan izango dela. "Gazteok bizi dugun pobretze egoeraren aurrean, kontzientzia politikoa pizteko eta pentsamendu kritikoa sustatzeko elkargune bat modu burokratiko batean debekatzea guztiz onartezina da; are gehiago, motibo politiko eta arbitrarioetan oinarritutako debekua denean", adierazi zuten.
"EH Bilduk eta Sortuk jarrera debekatzaile zein baztertzailearekin jarraitzen dutenez", ordea, egitaraua moldatu behar izan dute gazteek. Lau eguneko ekimena izan beharrean, bi egunekoa izango da: urriaren 13rako eta 14rako lotu dute egitaraua.
Hona hemen Gazte Topagune Sozialistaren egitarau berria, aldaketa guztiekin:
15:00. Harrera
18:00. Hitzaldiak
20:00. Burlatako plazatik, manifestazioa: Topagune Sozialistari debekurik ez! Gazte langileon aurkako jazarpenari aurre egin!
21:30. Burlatako Gaztetxean, kontzertuak: Iruinyard Sound, Z-erua & L'Kano
10:00. Hitzaldia: Estrategia sozialista berria: komunismoaren berrosaketarako oinarriak
12:00. Manifestazioa, Atarrabiako plazatik: Gazteria langilea Estatu Sozialista eraikitzen!
15:00. Bazkaria
17:30. Kontzertuak, Totem aretoan: TOC, Merina Gris, Haustura Showcase, Elio Toffana, Ill Pekeño & Ergo Pro, Raimundo el Canastero