ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/10/07 10:00

Gazte Koordinadora Sozialistak agerraldi baten bidez aurkeztu du gaur Gazte Langileontzako Proposamen Politikoa. Hamabi aldarrikapen zehatz jasotzen ditu programak, gazte problematikari lotutako bost auziri buruz. "Proposamen horren bitartez, gazte langileon artean elkartasuna antolatu, kontzientzia politikoa piztu eta eskubideen borrokarako grina hedatu nahi dugu", azaldu dute gaur GKSko kideek.

Gaur egungo egoeraren inguruan, nabarmendu dute "krisialdi betean sartuta" dagoela sistema kapitalista, eta "gero eta aurpegi autoritarioagoa" duela. Horren isla modura aipatu dituzte "egiturazko langabezia, gatazka militarrak, kontrol sozialaren gorakada, ingurumenaren suntsipena", eta abar. "Horrekin batera, ertain klasea proletarizatzen eta polarizatzen ari da, eta langileria xumearen lan- eta bizi-baldintzak okerragotzen ari dira etengabe", gaineratu dute.

Horrek guztiak, noski, gazte langileek bizi duten egoeran eragiten du zuzenean, "modu nabarmenean". "Soldata baxuek, aldi baterako lanek, praktika-kontratuek, inflazioak eta abarrek bizi-eredu gero eta pobreago batera garamatzate", GKSk seinalatu duenez. "Etxebizitzaren alorrean, hezkuntzan, aisialdi- eta kirol-zerbitzuetan nahiz osasungintzan" antzeman daiteke bizi-ereduaren dekadentzia hori, GKSko kideen esanetan.

Salatu dute, gainera, "sistematikoki ezabatzen" direla gazte langileen "eskubide politikoak" ere. "Kriminalizatu egiten gaituzte, eta egunerokotasunean bizi dugu jazarpen poliziala", diote.

Programa propioa

"Errezeta sozialdemokratek, alternatibismo faltsuek eta alderdi parlamentarioen gazte politikek ez dute gazte langileon problematika hori gaindituko", ohartarazi du GKSk: "Horregatik, ezinbestekoa da langileria modu independentean antolatzea, eta gazteok eginkizun aktiboa izan behar dugu horretan". "Norabide horretan" sortu dute, hain zuzen, Gazte Langileontzako Proposamen Politikoa.

Gazte problematikako bost auzi nabarmendu eta horiei lotutako hamabi aldarrikapen konkretu jaso dituzte programan; hain justu, gazteen lan-merkatuko baldintzei, oinarrizko bizi-bitartekoei, kultur industria matxista eta despolitizatzaileari, hezkuntza ereduari eta autoritarismoari zein eskubide politikoei buruz.

Hona hemen Gazte Langileontzako Proposamen Politikoak ukitzen dituen bost puntu nagusiak, eta horiei erantzuteko aldarri zehatzak:

  1. Gazteen lan-merkatuari dagokionez, GKSk beharrezkotzat jo du "gazteon lan-baldintza prekarioekin amaitzea". Hori, gainera, ipar argi batekin egin nahi du: "guztiok lan- eta bizi-baldintza berdinak eskuratzea".
  2. "Bizi-ereduaren pobretzearen aurrean, guztion oinarrizko bizi-bitartekoak bermatu behar direla uste dugu; etxebizitza, garraioa, elikadura, hezkuntza eta bestelako alorrei dagokienez", jaso du GKSk programako bigarren puntuan. Bizi-bitarteko horiek, gainera, "kalitatezkoak, doakoak eta unibertsalak" izan behar direla uste du. "Esparru horietan guztietan, langileon kontrolpeko instituzio sozialistarik izan gabe, ezingo ditugu guztiontzako oinarrizko bizi-bitartekoak bermatu", gaineratu du. "Bizi-ereduaren pobretzearen aurrean", gainera, beste bi aldarrikapen ere xehatu ditu: "denbora librerako eta norberaren garapen askerako baldintzak sortzea" eta "gizarte kapitalistak dakarren ingurugiroaren suntsipena borrokatzea".
  3. "Gazteoi bideratutako kultur industria" du hizpide programako hirugarren puntuan. Izan ere, kultur industria hori matxista dela, gazteen artean despolitizazioa sortzen duela eta pobrezia normalizatzen duela salatu du GKSk; hala, horri aurre egitera deitu du.
  4. Hezkuntza ereduari dagokionez, aldarrikatu du funtsezkoa dela "enpresarien interesera dagoen ereduarekin amaitzea", baita erreformen bidez hezkuntza "edukiz husteko" prozesuari nahiz "autoritarismoaren gorakadari" aurre egitea ere.
  5. Bosgarren puntuan, azpimarra egin dio "gazte langileon kriminalizazioarekin eta jazarpenarekin amaitzeko" beharrari, eta langileriaren eskubide politikoak borrokatzera" deitu du.

"Gazte langileon problematika horri aurre egiteko, beharrezkoa iruditzen zaigu langileon kontrolpeko Estatu Sozialista eraikitzea", gehitu dute GKSko kideek: "Horregatik, gure proposamen politikoa norabide horretan txertatzen dugu". Gazte Langileontzako Proposamen Politikoa "gaurkotzen" arituko direla eta "eskubideen aldeko dinamika, formakuntza eta borroka-prozesuak irekitzeko borondatea" dutela ere esan dute.

NO HAY COMENTARIOS