Gazte Koordinadora Sozialistak agerraldi baten bidez aurkeztu du gaur Gazte Langileontzako Proposamen Politikoa. Hamabi aldarrikapen zehatz jasotzen ditu programak, gazte problematikari lotutako bost auziri buruz. "Proposamen horren bitartez, gazte langileon artean elkartasuna antolatu, kontzientzia politikoa piztu eta eskubideen borrokarako grina hedatu nahi dugu", azaldu dute gaur GKSko kideek.
Gaur egungo egoeraren inguruan, nabarmendu dute "krisialdi betean sartuta" dagoela sistema kapitalista, eta "gero eta aurpegi autoritarioagoa" duela. Horren isla modura aipatu dituzte "egiturazko langabezia, gatazka militarrak, kontrol sozialaren gorakada, ingurumenaren suntsipena", eta abar. "Horrekin batera, ertain klasea proletarizatzen eta polarizatzen ari da, eta langileria xumearen lan- eta bizi-baldintzak okerragotzen ari dira etengabe", gaineratu dute.
Horrek guztiak, noski, gazte langileek bizi duten egoeran eragiten du zuzenean, "modu nabarmenean". "Soldata baxuek, aldi baterako lanek, praktika-kontratuek, inflazioak eta abarrek bizi-eredu gero eta pobreago batera garamatzate", GKSk seinalatu duenez. "Etxebizitzaren alorrean, hezkuntzan, aisialdi- eta kirol-zerbitzuetan nahiz osasungintzan" antzeman daiteke bizi-ereduaren dekadentzia hori, GKSko kideen esanetan.
Salatu dute, gainera, "sistematikoki ezabatzen" direla gazte langileen "eskubide politikoak" ere. "Kriminalizatu egiten gaituzte, eta egunerokotasunean bizi dugu jazarpen poliziala", diote.
Programa propioa
"Errezeta sozialdemokratek, alternatibismo faltsuek eta alderdi parlamentarioen gazte politikek ez dute gazte langileon problematika hori gaindituko", ohartarazi du GKSk: "Horregatik, ezinbestekoa da langileria modu independentean antolatzea, eta gazteok eginkizun aktiboa izan behar dugu horretan". "Norabide horretan" sortu dute, hain zuzen, Gazte Langileontzako Proposamen Politikoa.
Gazte problematikako bost auzi nabarmendu eta horiei lotutako hamabi aldarrikapen konkretu jaso dituzte programan; hain justu, gazteen lan-merkatuko baldintzei, oinarrizko bizi-bitartekoei, kultur industria matxista eta despolitizatzaileari, hezkuntza ereduari eta autoritarismoari zein eskubide politikoei buruz.
Hona hemen Gazte Langileontzako Proposamen Politikoak ukitzen dituen bost puntu nagusiak, eta horiei erantzuteko aldarri zehatzak:
"Gazte langileon problematika horri aurre egiteko, beharrezkoa iruditzen zaigu langileon kontrolpeko Estatu Sozialista eraikitzea", gehitu dute GKSko kideek: "Horregatik, gure proposamen politikoa norabide horretan txertatzen dugu". Gazte Langileontzako Proposamen Politikoa "gaurkotzen" arituko direla eta "eskubideen aldeko dinamika, formakuntza eta borroka-prozesuak irekitzeko borondatea" dutela ere esan dute.