ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / El Confidencial
2023/10/12 10:27

Etenik gabe, atsedenik gabe, bereizi gabe, odol hotzean; Gazako Zerrenda aire bidez erasotzen jarraitzen du Israelgo Estatu genozidak. Bonbak bata bestearen atzetik jaurtitzen ditu palestinarren kontra, eta ikara sortzen dute argitara atera diren azken datuek: dagoeneko 1.200 dira, azken egunetan, Israelek Gazan eraildako palestinarrak; horietatik 290, haurrak. Zaurituak zenbaezinak dira, milaka (5.000 baino gehiago izan daitezkeela diote hainbat iturrik), eta kolapsatuta daude erietxeak: ekipamenduak eta sendagaiak falta dira.

Eta ez soilik hori: orain, gainera, argindarrik eta urik ere ez dute ospitaleetan. Ez ospitaleetan, eta ez Gazako beste inon: Israelen blokeo zorrotz eta argiki hiltzaileak erregairik eta argindarrik gabe utzi du Gaza, bai eta ur hornidurarik gabe ere. Atzo, arratsaldeko 14:00etan jakinarazi zuten erregairik gabe geratu zela Gazan martxan jarraitzen zuen azken zentral elektrikoa. Bonbardaketen bidezko hilketa masibo eta sistematikoekin aski ez, eta "munduko eremu irekiko espetxerik handiena" are hilgarriagoa bihurtu nahi dute genozida sionistek. 360 kilometro karratu ditu Gazak, eta 2,3 milioi pertsona bizi dira han.

Zabaldu diren irudi ugarik erakusten dutenez, gainera, Israelgo indarrak fosforo zuria ari dira erabiltzen palestinarren kontra. Teorian, nazioartean debekatuta dago gai hori arma gisa erabiltzea, eta erredura larriak eragiten ditu, besteak beste.

Israelek abian duen sarraskiaren ondorioz, 338.000 palestinarrek egin behar izan dute ihes Gazatik, eta babes hartu dute Palestinako Autoritatearen nahiz Palestinako Errefuxiatuentzako Agentziaren eskoletan. Atzo arratsaldean argitaratu ziren hainbat irudik erakutsi zuten nola, palestinarrei ihes egiteko esan ostean, Gazako irteera bakarra bonbardatu zuen Israelek.

300.000 militar eta autoritate sionisten adierazpen beldurgarriak

Gazako errefuxiatu palestinarrak bezainbeste dira, ia-ia, Israelgo Estatuak Gazako muga inposatura mobilizatu dituen soldaduak: 300.000, eman dituzten azken datuen arabera. Israelgo Armadak dio dagoeneko eraso dituela Hamasek aurreko asteburuan, kontraeraso masiborako, erabili zituen kuartelak.

Bitartean, Israelgo Estatuko autoritateek egindako adierazpen eroek ere ez dute etenik. "Infernua nahi zenuten eta infernua izango duzue", Ghasan Alian Lurraldeetako Gobernu Jardueren koordinatzailearen ahotik; "Giza-animalien kontra ari gara borrokan, eta horren arabera ari gara jokatzen", Yoav Gallant Defentsa ministroaren ahotik; eta, atzo, May Golan Emakumearen Eskubideen ministroaren hitz ikaragarriak. "Arima hauskor eta 'santutxo' batzuk ari dira azaltzen Gazako biztanle gehienak inplikaziorik ez duen biztanleria zibila direla, eta horregatik ez diegula minik eman behar. Ez horixe. Muineraino suntsitu behar ditugu", esan zuen Golanek.

Gorroto-zentzu berdinean, kolono sionistek palestinarren aurka egindako eraso faxistak ere ez dira geratzen. Atzo arratsaldean, adibidez, Zisjordaniako Qusra herrira sartu eta palestinarren kontra tiro egin zuten kolonoek. Gutxienez hiru palestinar erail eta hainbat zauritu zituzten.

Ikusteke dago, bestalde, Libanoko mugan gerta daitekeena. Libano eraso zuen atzo Israelek, Hezbollahk, ustez, misil bat jaurti ostean. Hainbat iturrik arratsaldean jakinarazi zuten "eraso masibo bat" izan zela Libanotik, baina erasotzailea zehaztu gabe.

12.000 palestinar erailak azken 35 urteetan

Okupazio sionistak Palestina historikoan utzi dituen heriotzak aztertuz gero, 1987ko abenduan hasitako Lehen Intifadatik aurtengo irailera bitartean, hildakoen %87 palestinarrak izan dira. Zehazki, 12.000 palestinar baino gehiago erail ditu Israelgo Estatu sionistak azken 35 urteetan.


Irakurri hemen asteburuko gertakarien hainbat gako nagusi, eta hemen Leire Regadasek Arteka aldizkarirako idatzitako erreportajea: Palestinako bake kolonizatua

NO HAY COMENTARIOS