AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/10/08 17:10

Gazako erresistentziako miliziek ezustean eraso zioten Israelgo Estatuari larunbat goizaldean, modu masiboan: sionisten kontrolpean zeuden eremuetara suziriak jaurti zituzten, eta Israelek indarrez jarritako mugak gaindituta, zenbait kokalekutara eta hiritara armatuta sartu ziren. Lurretik, itsasotik zein airetik (parapenteen bidez) sartu ziren palestinarrak. Hamas talde palestinarreko adar armatuko buruak adierazi zuen 5.000 suziri inguru bota zituztela Israelek ezarritako kokaleku ilegaletara, eta dei egin zien "erresistentziako indar guztiei" altxatzera eta "Palestinaren askapenean" parte hartzera.

Gazako Zerrendatik gertu, Israelgo indarren ibilgailuak ere hartu zituzten palestinarrek. Besteak beste, sinbolismo handia izan zuen hondeamakina batzuekin gertatutakoak: palestinarrek ibilgailu horiek erabili zituzten, hain zuzen ere, Israelgo Estatuak 1948an Gazan indarrez jarritako hesia botatzeko (hesi ezagun horrek 2 milioi palestinar mantentzen ditu itxita Gazako Zerrendan). Sionistek, lehenago, palestinarren etxeak eraisteko eta euren lurrak hartzeko baliatu dituzte hondeamakina horiek, besteak beste.

Israelgo Estatuaren kontrolpeko hainbat herritan, zenbait israeldar bahitu eta Gazako Zerrendara eraman zituzten palestinarrek; tartean, militar batzuk, 35 inguru Hamasen arabera. Hamasen adar armatuak, besteak beste, Israelen base militar bat hartu zuen, eta soldadu sionistek erabiltzen zituzten hainbat arma suntsitu zituzten palestinarrek zenbait tokitan. Israelek gaur aitortu duenez, 100 israeldar inguru dituzte bahituta palestinarrek, eta ikusteke dago zein den horren helburua.

Azken urteetan Israelen eraso sistematikoei aurre egiteko Palestinako erresistentziak abiatutako operaziorik handiena izan da asteburu honetakoa. Urtea hasi zenetik, gutxienez 572 palestinar erail ditu Israelek; horietatik 268 inguru, atzo aurretik. Urte hau, zehazki, azken urteetako odoltsuenetarikoa izaten ari da palestinarrentzat; besteak beste, Israelgo indarren sarekada eta erailketa masibo etengabeekin.

Gerra-egoera, eta Israelen erantzun masibo zitala

Palestinako erresistentziaren ezusteko eraso horren aurrean, gerra-egoera deklaratu zuen atzo Israelek, eta "Burdinazko Ezpatak" deituriko operazioa jarri zuen martxan. 10:00ak aldera, jada, Gazako Zerrendako zenbait herri bonbardatzeari ekin zion Israelek; etxeak, ospitaleak eta abar eraso zituen. 14:30ak aldera argitaratu zituzten datuen arabera, ordu horretarako, jada 160 palestinar erail zituen Israelek bonbardaketen bidez, baita 1.000 baino gehiago zauritu ere.

Arratsaldeko 17:00ak aldera, Gazako Zerrendan lurreko operazio militar bat ere hastea erabaki zuen Israelgo Estatuak, eta ia 19:00etan jakinarazi zuen Energia ministroak ur-hornidura etengo zuela Gazan. Gainera, sionistek okupatutako Zisjordanian ere zenbait gazte palestinar erail zituzten Israelgo indar militarrek.

Gauan, izu sionistaren mehatxuak jarraitu egin zuen: Benjamin Netanyahu Israelgo Lehen ministroak 22:00ak aldera hitz egin zien Gazako palestinarrei, euren etxeetatik eta hiritik alde egitera deitzeko, eta eraso erraldoi batekin mehatxatzeko. Tankeak ere bart mugitu zituzten israeldarrek Gaza ingurura.

22:30ak aldera, airetik nahiz itsasotik eraso zuten Gaza sionistek, eta gau osoan zehar izan dira bonbardaketak. Libanoko mugan ere jaurti dituzte bonbak Israelgo indarrek, gaur goizeko aurreneko orduan jakinarazi dutenez.

Igandean borrokek jarraitu dute Palestinako milizien eta Israelgo indarren artean, esaterako, Ascalonen. Israelek, gainera, Gazako Zerrenda bonbardatzen segitu du. Gaur arratsaldean ezagutarazi dituzten datuen arabera, ordura arte, 370 palestinar inguru ziren Israelek asteburuan eraildakoak. Palestinarrek hildako israeldarrak, berriz, 300 inguru izan daitezke, datuak argitu ez badituzte ere. Hamas talde palestinarrak igandean esan du, bestalde, 313 kide hil dituela jada Israelek, eta ia 2.000 zauritu.

Amerikako Estatu Batuetako Defentsa idazkariak arratsaldeko aurreneko orduan adierazi zuen, ohi bezala, Israelek "beharrezko baliabide guztiak" izango zituela eskura "bere burua defendatzeko". Zenbait iturrik larunbat iluntzean aditzera eman zutenez, 8.000 milioi dolarreko laguntza militar bat emango diote AEBek Israeli.

Genozidio, tortura, jazarpen eta umiliazio sistematikoa, hamarkada luzez

Israelgo Estatu sionistak Palestinako herriari egindako eraso, tratu txar, jazarpen, bazterketa, umiliazio, hilketa eta, finean, genozidioa, duela 70 urte baino gehiago hasi ziren. Palestinarrak euren lurretatik kanporatzearekin batera ekin zioten sionistek sarraski sistematikoari, eta indarrean jarraitzen du, gaur egun ere, Israelgo Estatuaren politika bortitz eta biolento horrek: palestinarren kanporatzea, etxeen eraisketa, uzten suntsiketa, sarekada eta hilketa masiboak, torturak, jazarpen itogarria eta umiliagarria Israelgo indar militarren kontroletan, umiliazio- eta gorroto-ekintzak palestinarrekiko, eta abar. Eta palestinarren kontrako indarkeria hori guztia ez dute soilik Estatuaren indarrek gauzatzen: kolono israeldarren aldetik ere etengabeak dira erasoak.

Palestinarren espetxeratzea, gainera, masiboa eta sistematikoa da Israelen partetik. Palestinako hainbat iturrik adierazi dutenez, gaur-gaurkoz, 5.000 palestinar baino gehiago ditu preso Israelek; tartean, haurrak. Israelek behin eta berriz urratu ditu, zentzu guztietan, nazioartean onetsitako eta sinatutako "bake-akordio" guztiak, nazioarteko komunitate ia osoaren isiltasuna nagusi izanda.

Irakurri hemen Leire Regadasek Arteka aldizkarirako idatzitako erreportajea: Palestinako bake kolonizatua.

EZ DAGO IRUZKINIK