Gatazka Nafarroako Ahal Dugun, azken bajen harira
Pablo Anton, Neniques Roldan eta Gracia Moreno. — ARGAZKIA Europa Press

Nafarroako Ahal Dugun izaten ari den gatazka posible bat atera da argitara azken egunetan. Hainbat hedabidek aurreko astean esan zuten alderdia utzi nahi duela sektore kritiko batek, nahiz eta oraindik ez dagoen garbi zein tamaina duen zehazki: haien esanetan, 100 bat militante dira taldea lagako luketenak. Neniques Roldanek gidatutako zuzendaritzak, baina, ukatu egin du barne-mailako konfrontazioa sortu denik, eta baieztatu du bi baja bakarrik jasan dituztela.

Nafarroako Ahal Duguren Herritarren Kontseiluko bi kidek (David Fuentes eta Xabier Castro) eta hirugarren militante batek (Javier Ruiz) aurreko ostiralean bidali zuten idatzi bat komunikabideetara, esanez 100 kidek baino gehiagok hartu zutela alderdia uzteko "erabaki irmo eta hausnartua". Eta horren arrazoia zehaztu zuten: alderdiko zuzendaritzak azken hilabeteetan "bultzatu" duen "norabiderik gabeko deriba". Nafarroako buru Neniques Roldani nahiz Ione Belarrari leporatu zieten "etorkizuna baldintzatzen" duten erabakiak "inposatzea", "oinarrien berme minimorik gabe".

"Nafarroan funtzionatzen duenaren" gainetik, alderdiari "Madrilgo interesen ikuspegitik" begiratzea leporatzen zieten zuzendaritzako kideei; baita "gero eta negatiboagoak" diren emaitzei entzungor egitea ere. "Gaur egun, eraikitzeari eta jendearen bizi-baldintzen hobekuntzaz arduratzeari utzi dion alderdi bat da Podemos", gaineratzen zuten.

Barne-mailako hauteskundeak iaz

Zuzendaritzak ordu gutxira igorri zuen beste idatzi bat, gatazkaren tamaina gezurtatzen. Adierazi zuen gaur egun 1.650 bat kide direla alderdian, eta jarrera kritikoa erakutsi zuten bi kideek (Herritarren Kontseilukoak) galdu egin zituztela Nafarroako Ahal Duguk iazko ekainean izandako hauteskunde primarioak. "Galdu egin duen eta primarioetako emaitzak onartzen ez dituen jendea da", esan zion Roldanek elDiario.es-i. Berak irabazi zituen barne-mailako hauteskunde horiek, Txuma Huartek baino 31 boto gehiago eskuratuta (186 boto lortu zituen lehenak, eta 155 bigarrenak).

Ahal Duguko kide bat dago gaur egun Maria Chivite (PSN) buru duen Nafarroako Gobernuan; Begoña Alfaro hain zuzen ere. Bera da, momentu honetan, Podemosek Espainiako Estatuko erkidegoetako gobernuetan daukan kide bakarra.