ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / @hastael_lunes
2022/07/07 11:22

Gasteizko (Araba) Mercedesen arduradunek langile batzordeari jakinarazi diotenez, lan-hitzarmena adosteko negoziazioak eten ditu zuzendaritzak, eta ez da langileen ordezkariekin bilduko lanuzteak bukatu arte. Langileek bi egunez geratu dute ekoizpena aste honetan, eta hiru egunez aurreko astean. Zuzendaritzak, baina, momentuz ez ditu beharginek hitzarmenari dagokionez egindako exijentzia guztiak onartu; horregatik jo zuten grebara ekainean, hain zuzen.

Joan den asteartean bildu ziren berriz Mercedeseko zuzendaritza eta sindikatuak, eta langileek egindako eskaerei lotutako proposamenak egin zituen zuzendaritzak. Esaterako, aurten soldata %5 igotzea proposatu zuen, eta %2 handitzea 2023. eta 2026. urteen artean. Askotariko ordainsariak zertxobait igotzeko prest ere agertu zen. Lan malgutasunari buruzko exijentziak, ordea, kolokan daude. Langileek debekatu egin nahi dute seigarren egunez lana egin behar izatea, baina zuzendaritzak ez du aukera hori inola ere baztertu.

Zuzendaritzarekin bildu ostean, atzorako, uztailaren 6rako, eginda zegoen greba deialdia bertan behera uztea erabaki zuten UGTk, CCOOk, Ekintzak eta PIMek. ELAk, LABek eta ESK-k, baina, deialdia mantendu zuten, esanez ez direla langileen eskari guztiak kontuan hartu zuzendaritzaren proposamenetan. Hala, atzo ere lanuzteak egin zituzten beharginek, eta jarraipena ia erabatekoa izan zen: %95ek egin zuten bat greba deialdiarekin.

Honakoa ez da Mercedeseko zuzendaritzak, xantaia modura, negoziazioak geratzen dituen aurreneko aldia. Berdin jokatu zuen ekain erdialdean, negoziaketa blokeatuta zegoenean eta langileak protestekin hasi zirenean. Duela urte eta erdi hasi ziren elkarrizketak, eta oraingoz ez dago akordiorik.

NO HAY COMENTARIOS