ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/10/02 09:22

Gose grebara joko dute Gasteizko (Araba) lorezainek, egoerak berdin segitzen badu. Atzo goizean egin zuten agerraldi bat, eta jakinarazi zuten baraualdia hasiko dutela datozen orduetan euren lan-baldintzak hobetzeko akordiorik lortzen ez bada. Izan ere, sei hilabetetik gora daramatzate lanuztean, ezarritako minimotik gertu dauden soldatak hobetu ahal izateko besteak beste, baina egoera blokeatzen segitzen dute Gasteizko Udalak eta hark azpikontratatutako Enviser enpresak. 

Langileen greba-batzordearen esanetan, proposamen "egingarria eta arrazoizkoa" jarri zuen mahai gainean asteartean, Lan-Gatazkak Konpontzeko Borondatezko Prozedurako (PRECO) azken bileran. Gaur bilduko dira berriz, eta udalak eta Enviserrek azken proposamena atzera botatzen badute, gose grebari ekingo diote beharginek. Enpresak bi hilabete daramatza negoziazioan eskaintzarik egin gabe, baina ezezkoa eman die langileen proposamen guztiei.

"Espero dugu behingoz erantzukizuna beren gain hartzea eta akordioa lortzeko ahalegina egitea. Mugitzeko garaia da", zioten atzo lorezainek. Aurreko larunbatean egin zuten manifestazio jendetsu bat Gasteizko kaleetan, borrokan segitzen dutela gogorarazteko eta berresteko. Bertan esan zuten "fase berri" bat hasiko zutela langile-borrokan eta "beharrezko energiarekin" erantzungo ziotela horri, eta horren ostean eman dute baraualdia egiteko asmoaren berri.

NO HAY COMENTARIOS