ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/08/26 12:34

Oztopoak oztopo, bost hilabete daramatzate greban Gasteizko (Araba) lorezaintzako langileek. Lan-baldintzak hobetzeko itun propio baten alde borrokan ari dira, eta mobilizazioekin jarraitzen dute: sinadura-bilketarekin segituko dute aste honetan zehar, baita auto-karabana aldarrikatzaileekin ere.

Beharginen borroka zanpatzeko asmoz, ordea, haiei eraso egiten segitzen du udalak azpikontratatutako Enviser enpresak, instituzioen erabateko konplizitatearekin: Eusko Jaurlaritzak dekretuz ezarritako zerbitzu minimoak teorian amaitu egin diren arren, grebalariak lanera joatera behartzen jarraitzen du Enviserrek. Are gehiago: langile bat kaleratu du, abusuzko zerbitzu minimoei planto egin izanagatik. Izan ere, greba egiteko duen eskubidea gauzatu zuen eta ez zen lanera joan, eta bota egin dute horregatik.

Langileek berriz salatu dute gehiegizkoak direla inposatzen dizkieten gutxieneko zerbitzuak, eta grebari indarra kentzeko arma modura erabiltzen ari direla horiek. "Lorezaintzako greba bakar batean ere ez zen orain arte gutxieneko zerbitzurik dekretatu", azaldu du behargin batek bideo baten bidez. Uste du grebalariak lanera bidaltzearen helburua dela herritarrek pentsatzea lanuztea bukatu egin dela jada.

Horrez gain, beharginek jakinarazi dute enpresa ez dela ordaintzen ari zerbitzu minimoetan zeudela gaixotu diren kideei, eta erabat kontrolaturik daukatela plantilla enpresaburuek, zigorrak ezarri ahal izateko: zein ordutegi betetzen ari diren, zein babes-ekipamendu erabiltzen ari diren, zenbateko atsedenaldiak egiten ari diren... 

Gasteizko Udala eta Jaurlaritza, esplotatzaileen konplize

Lorezainek berriz nabarmendu dute Gasteizko Udala (PSOE) Enviserren konplize izaten ari dela: "Udalak dio gatazka ez dagokiola hari eta ados jarri behar direla enpresa eta plantilla, baina lau urte hauetarako %20ko igoera-muga bat ezarri du behe-kategorientzako [...]. Negoziazioa dinamitatzen du horrek".

ELA, ESK eta LAB sindikatuek aurreko astean bertan salatu zuten urrun ikusten dutela "gatazkaren amaiera", Jaurlaritzaren azken eskaintza ikusita: "Gatazka abusuzko gutxieneko zerbitzuak ezarriz konpontzea nahi dute, gatazkari benetan amaiera emango dion konponbide bat bilatu beharrean".

Beharginek diote, hala, "instituzioak eta enpresa euren arma guztiak" erabiltzen ari direla langile-borrokaren kontra, baina "tinko" jarraitzen dutela "lan-baldintza duinak izango dituen hitzarmen propio bat lortzeko helburuan".


Irakurri hemen lorezaintzako langileei ekainaren bukaeran egindako elkarrizketa, grebaz, azpikontratazioaz, greba-eskubidearen aurkako erasoaz eta beste.

NO HAY COMENTARIOS