ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/02/13 14:26

Astebete eskas igaro da, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU/UPV) Gasteizko (Araba) campusean, sare sozialetan adierazpen faxistak egin dituen irakasle baten berri eman zutenetik. Farmaziako Fakultatean ematen ditu eskolak. Orain, bada, Letren Fakultateko irakasle batek hainbat urtez egindako eraso matxistak salatu ditu Gasteizko Unibertsitateko Emakume Taldeak (GUET): ukituak, komentario matxistak, galdera pertsonalak tutoretza-saioetan eta abar.

HARA BA! atariak azaldu duenez, duela hainbat urte aurkeztu zuten salaketa bat Filologia Hispanikoko irakaslearen aurka, baina unibertsitateko Berdintasun Batzordeak "ez zion irtenbiderik eman egoerari eta irakasleak lanpostuan jarraitu du urte luzez". Orain, gizonezkoaren erasoak jasan dituzten pertsonek berriz jarri dute fokua bere gain, Instagram sare sozialeko @denuncias_euskalherria kontuari esker. 

Manifestazioa datorren astelehen eguerdian

Horren berri izan bezain pronto ekin dio antolatzeari GUETek, "erasotzaileen inpunitatea salatzeko eta erasoen aurrean erantzun kolektiboa emateko". Asanbladak egin ditu azken egunetan, ikasleak antolatzeko espazio bat irekiz, eta gaur eguerdian ere bildu dira asanbladan hainbat eta hainbat pertsona.

Amaitzean, agerraldi bat egin dute ikasleek Letren Fakultate parean, adierazteko ez dutela indarkeria matxista onartuko, ez heziguneetan ez beste inon. Fakultateko irakasle horren erasoak jasan dituzten pertsonen lekukotzak biltzen hasi dira jadanik, eta mobilizazio bat antolatu dute datorren astelehenerako, otsailaren 17rako: 13:00etan hasiko da manifestazioa Letren Fakultateko sarreratik. Erasotzailea EHUtik kanpora dezatela exijitzen dute ikasleek, besteak beste.

EHUko Berdintasun Batzordearen erantzukizuna salatu du GUETek, "ikasleen ongizatea bermatzeko neurri eraginkorrik ez hartzeaz gain, erasoak ezkutatu eta erantzun kolektiboa oztopatzen" saiatzeagatik. Gogoan ditu, gainera, bai unibertsitatean bai bigarren hezkuntzan argitara ateratzen ari diren irakasle erasotzaileen kasu guztiak, Txantreako (Iruñerria, Nafarroa) Eunate ikastetxea kasu.

NO HAY COMENTARIOS