ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/05/08 09:19

Gasteizko (Araba) Ibaiondo auzoan, etxegabetua izateko arriskuan dago familia bat. Eusko Jaurlaritzaren menpeko Alokabide sozietate publikoak bota nahi ditu euren etxetik familia horretako kideak, tartean, adin txikiko lau lagun. Biharko zegoen ezarrita kaleratze-data, baina hori atzeratzea lortu du Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak: hiru hilabeteko luzapen judiziala lortu du.

Kaleratze-prozesuan zehar, ordea, teorian Etxebizitza Legeak markatzen dituen hainbat baldintza urratu direla salatu du sindikatuak. Gogorarazi du, gainera, "erakunde publikoa eta soziala" dela ustez Alokabide; baina, hala ere, "berriz ere, etxea galtzeko arriskuan" dagoela familia bat.

Etxebizitza Legea: etxegabetzeak eta urraketak

Gasteizko kasu honetan ere, "instituzioen pasibotasuna" seinalatu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, baita "Etxebizitza Legearen eraginkortasunik eza" ere. "Auzia ez da soilik etxegabetzeak gauzatzen jarraitzen dutela; gainera, legeak berak ezartzen dituen arauak bete gabe egiten dute", sindikatuko kide batek azaldu duenez.

Izan ere, Ibaiondoko familiaren kasuan esaterako, gizarte-zerbitzuak ez ziren egoeraren jakitun: ez zeukaten etxegabetzearen berri, eta hori ezinbesteko baldintza bat da teorian, Etxebizitza Legean jasotzen denez.

Gainera, maiatzaren 7an zehaztu zioten familiari kaleratzearen ordua, hiru egun lehenago baino ez; eta ur-hornidura eten diote duela gutxi. Ustez, halako praktikak debekatzen ditu Etxebizitza Legeak, sindikatuak ohartarazi duenez.

Etxegabetzeei aurre

Etxegabetzea judizialki atzeratzeko, buru-belarri aritu da lanean Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialista. Etxe-kaleratzeei aurre egitera deitu zuen berriz ere, mobilizatzeko dei bat luzatuta biharko: goizean Landaverde 41 kalera joateko deia egin zuen. Dena den, momentuz etxe-kaleratzea gibelatzea lortu duenez, bertan behera utzi du biharko protesta deialdia ere.

Jakinarazi du, orain, lanean jarraituko dutela sindikatuko kideek, "familiak bere etxea mantendu dezan". "Instituzioek eskaintzen duten babesgabetasunaren aurrean, antolakuntza eraginkorra da", aldarrikatu du.

NO HAY COMENTARIOS