ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/05/27 09:11

Atzo arratsaldean, babes zabala jaso zuten Gasteizko (Araba) parkeetako eta gune berdeetako lorezaintzako langileek. Izan ere, atzo bete ziren bi hile lorezainek grebari ekin ziotenetik, eta horri lotuta, manifestazio bat antolatu zuten. Arratsaldeko 18:30ean hasi zen mobilizazioa Plaza Berritik, babes handiarekin: jende ugarik egin zuen bat deialdiarekin, tartean, inguruko hainbat lantegitako beharginek (hala nola Mercedes eta Sidenor enpresetakoek) eta zenbait kolektibok, Gasteizko Laneko Autodefentsa Sareak (LAS) kasu.

Beste hainbatetan ere izan da Plaza Berria lorezaintzako langileen protesten eremu, bertan baitago udaletxea. Beharginek salatu izan duten modura, Gasteizko Udala (PSOE) da gatazkaren erantzuleetako bat, berak azpikontratatu baitzuen lorezaintza-zerbitzua, Enviser enpresari esleituz.

Atzoko manifestazioan, beharginek jakinarazi zuten goizean bildu zirela Enviserreko zuzendaritzarekin, eta enpresak esan ziela bai bera bai udala prest omen daudela indarrean daukaten kontratuta bertan behera uzteko, Enviserrek ezin omen dituelako bere gain hartu plantillaren eskaerak, soldatei dagokienez esaterako. Kontratua indargabetuko balitz, ez dago argi langileek norekin negoziatu beharko luketen euren eskaeren inguruan, lan-itun propio bat lortzea helburu.

Momentuz, baina, grebarekin irmo jarraitzen du plantillak. "Oraintxe bertan, pilota udal-gobernuko taldearen teilatuan dago, eta bere esku dago gatazka azkar konpontzea, gehiegi luzatzen ari baita, eta herritarrei hainbeste kalte eragiten ari baitzaie", adierazi zuten atzo sindikatuek.

Gasteizko Udalaren jarrera klasista

Lorezaintzako beharginek azken hilabeteetan eman dute euren egoera "prekarioaren" berri: Lanbide arteko Gutxieneko Soldatara (LGS) oso larri iristen diren ordainsariak (lan bera egiten duten udal-langileek baino 11.000 euro gutxiago kobratzen dute urtean, 100 lanordu gehiago dituzten arren), lanaldi luzeak eta abar. 90 langile inguru dira, eta lan-baldintzak hobetzeko asmoz, lan-hitzarmen propio baten alde borrokan ari dira.

Greba hasi zutenetik bi hilabete bete direla-eta, grebalariei babesa emateko eta "Gasteizko Udalaren klasismoa" salatzeko ekintza bat izan da berriki udaletxearen instalazioetan: "Gora lorezainen borroka" aldarrikatu dute idatziz, udala margoz markatzeaz gain.

NO HAY COMENTARIOS