ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Endika Loiola. FOTOGRAFÍA / Aitor Urkia Etxeberria
2024/05/12 22:15

Nola jakin zenuten ikerketapean dagoela Yakovlev 42?

Otsailean jaso zuen lehenengo zitazio-zedula gutako batek. Banan-banan jaso genituen jakinarazpenak, ez talde bezala. Nik, adibidez, martxoaren erdialdean jaso nuen. Orrialde batekoa baino ez zen jaso genuen zitazio-zedula, eta esaten zen bakarra zen ikertu gisa deklaratu behar genuela Donostian maiatzaren 6an, gorroto-delitu batengatik.

Gero, Donostiako epaitegira jo genuenean jakin genuen Yakovlev 42 taldea ikertzen ari direla; "talde ultraezkertiar" bat izateagatik, letrengatik, gorroto-delitu batengatik. Sorpresaz hartu gintuen horrek guztiak. 2016an hasi ginen kontzertuak jotzen, eta ez dugu inoiz inolako arazorik izan. Beraz, guretzat harrigarria izan da bat-batean jakitea ikertuak izaten ari garela.

Zuen abestien letrak aipatzen dira Guardia Zibilaren txostenean. Zein izan dira seinalatu dituzten mezuak?

200 orri baino gehiago ditu polizia-txostenak, eta hiru zati ditu. Auzipetutako kide bakoitzaz hitz egiten da lehenean (informazio pertsonala alegia), taldeaz bigarrenean (testuinguru bat sortzen du: zer musika mota jotzen dugun, norentzat jo ditugun kontzertuak, zer kartel erabili ditugun, gure janzkera eta abar), eta gure letrak ageri dira azkenekoan.

Guztira, gure hemeretzi kanta seinalatu dituzte. Kantak entzun eta transkribatu egin dituzte, baina akats ugari dituzte transkripzioek: txostenean agertzen diren letra asko ez dira benetakoak. Transkripzio oker horiek, nola ez, txostenaren oinarrizko diskurtsoa indartzen dute. Ustezko letren azpian, horien interpretazioa ere ageri da, eta barregarriak dira: ez dute ez oinarri logikorik ez oinarri errealik. Gure letrak gaizki transkribatuta eta gaizki interpretatuta daude. Ustezko frogak okerrak baldin badira, zer froga mota dira?

"Guk punka egiten dugu, eta hortaz, kanta ia denak dira halako agenteak [Polizia, erlijioa, armada, enpresaburuak, Espainiako salatzeko"

Gure letrak direla-eta gorroto-delitu bat egin izana leporatzen digute; Poliziaren aurka, erlijioaren aurka, armadaren aurka, enpresaburuen aurka eta Espainiako Estatuaren aurka. Baina ea: guk punka egiten dugu, eta hortaz, kanta ia denak dira halako agenteak salatzeko. Abesti batzuetan, gainera, horien inguruko ezertxo ere ez dugu esaten, eta interpretazio oker batzuetan oinarrituta aurkeztu dituzte froga gisa.

Maiatzaren 6an deklaratu behar izan zenuten Donostian.

Sei kidek deklaratu behar genuen, baina soilik bik deklaratzea erabaki genuen. Kide bat 5 minutuz baino ez zen izan deklaratzen, eta ni 6-7 minutuz aritu nintzen. Fiskaltza ez zen agertu, eta epailearen galderak barregarriak izan ziren. Ez zeukan Poliziaren txostena irakurrita ere. Zirku bat izan zen.

Niri, esaterako, galdetu zidan epaileak ea ez nuen uste letra jakin batzuen bidez "kolektibo batzuk gutxiesten" genituenik. Eta nik pentsatu nuen: "gutxiestea" delitu bat al da, ba? Esan nion gure letretan kritika soziala egiten dugula, baina berak galdetu zidan kontu jakin batzuei buruzko "iritzi negatiboa" izatea ere kritika soziala ote den. Baietz erantzun nion nik; eta, adibidez, kritika sozial bati lotuta dagoela Poliziari, erlijioari edo haiek aipatu dituzten bestelako agente batzuei buruzko iritzi negatiboa izatea.

"Deklaratzean, azaldu genuen txostenean okerrak direla letren transkripzioak eta interpretazioak; baina erabakia aurrez hartuta zegoela uste dugu"

Esan ziguten jakinaraziko digutela noiz izango den epaiketa. Beraz, jada badakigu aurrera egingo duela gure kontrako prozedura judizialak. Dena den, bagenekien hala izango zela. Deklaratzean, azaldu genuen, adibidez, txostenean okerrak direla letren transkripzioak eta interpretazioak; baina erabakia aurrez hartuta zegoela uste dugu. Guardia Zibilak, gainera, prebentziozko neurri bezala eskatu du gure abestiak Internetetik ken ditzatela.

Poliziaren, armadaren, enpresaburuen eta abarren inguruan duzuen iritzia da, hortaz, kriminalizatu dutena; eta hartu duzuen posizioa da seinalatu dutena.

Epaileak behin eta berriz galdetu zigun ea gure abestietan ez genituen "kolektibo" horiek gutxiesten. Baina errealitatean zerbait gertatzen bada, guk uste badugu hori ez dela bidezkoa eta aipatutako "kolektibo" horiek badira erantzuleak, zer egingo dugu ba? Salatzeko beharra daukagu; injustiziak salatu behar ditugu.

"Guk ez dugu inor gutxiesten: errealitatean gertatzen diren gauzen inguruan hitz egiten dugu. Ikusten duguna kontatzen dugu, eta gure ustez bidegabeak diren gauzak kontatzen ditugu"

Guk ez dugu inor gutxiesten: errealitatean gertatzen diren gauzen inguruan hitz egiten dugu. Ikusten duguna kontatzen dugu, eta gure ustez bidegabeak diren gauzak kontatzen ditugu. Musika talde bat gara, baina, guretzat, militantzia politikoa da hori.

Taldea sortu genuenetik izan dugu hori oso argi, eta zeren alde aritu nahi genuen ere bai. Guretzat oso garrantzitsua da Kontseilu Sozialisten moduko antolakundeak, gazteenak eta abar egotea. Eta, horiek biziraun dezaten, diru-iturriak ere ezinbestekoak dira. Beti jakin dugu guk halako espazioetan parte hartu behar dugula, eta salaketa-diskurtso bat izan behar dugula. Horrekin guztiarekin koherente izaten saiatu gara ia hamar urte hauetan. Eta amaierara arte joango gara horrekin.

Honakoa ez da protesta-ekintzen edo protesta-mezuen aurka gorroto-delituak leporatzen saiatzen diren aurreneko aldia.

Bitxia da, baina guri ezarri nahi diguten Zigor Kodeko artikulua, gorroto-delituari buruzkoa, pertsona edo kolektibo zaurgarriak edo gutxiengoak babesteko da teorian; adibidez, arrazakeria edo homofobia jasan dezaketen pertsonak babesteko. Eta guk, hain justu, kolektibo horiek guztiak defendatzen ditugu gure abestietan. Xelebrea da ikustea nola ari diren erabiltzen artikulu hori estatuak eta sistema kapitalistak dituen mekanismoak defendatzeko. Badakigu nola funtzionatzen duen guztiak: gu bezalako pertsonen kontra baino ez dute erabiltzen Zigor Kodea.

"Xelebrea da ikustea nola ari diren erabiltzen artikulu hori [gorroto-delituari buruzkoa] estatuak eta sistema kapitalistak dituen mekanismoak defendatzeko"

Zitazio-zedula jaso genuenean, ez genuen berehalakoan esan, baina azkenean gertatutakoa argitaratzea erabaki genuen. Eta arrazoietako bat zen, halako zer edo zer jasan duen beste talderen bat egongo balitz, bultzada ematea. Badakigu halako kasu gehiago ere izan direla: Soziedad Alkoholika, Fermin Muguruza, Pablo Hasel, Valtonyc, Itziar Ituño, Titiriteroak… Espainiako Estatua, oker ez banago, artista gehien espetxeratu dituen estatua da munduan.

Zer nolako babesa sumatu duzue?

Babesa izugarria izan da. Gu beti egon izan gara hor gainerakoei babesa emateko, baina orain erdigunean gaudela, nolabaiteko bertigoa sentitzen dugu. Baina oso eskertuta gaude.

Maiatzaren 6an, deklaratu behar genuenean, Kontseilu Sozialistek deitutako elkarretaratze bat izan zen epaitegi aurrean, eta motibatzeko modukoa izan zen. Ez zen egun erraza guretzat, eta jendea hurbildu izanak indarra eman zigun. Arratsaldean ere elkarretaratze bat izan zen gure herrian, Oiartzunen, bertako hainbat eragilek deituta; eta jendetza bertaratu zen. Modu horretan, egun gogorra izan arren, indartuta iritsi ginen etxera. Eta garrantzitsua da hori.

Musika taldeek eman diguten babesa ere izugarria izan da. Bai gure mobidakoak direnek, punk mugimendukoek, baina baita hortik kanpokoek ere. Eta horrek indarra ematen du, konturatzen baikara ez dela gure gauza bakarrik.

Nola ikusten duzu datorrena eta etor litekeena?

Sistemak barruraino sartu digun zerbait da orain inoiz baino hobeto gaudelako ustea: badirudi inoiz baino askeagoak garela eta inoiz baino eskubide gehiago ditugula. Baina hori ez da inola ere horrela. Azken urteetan, gainera, eskubideak eta askatasuna galtzen joan gara, eta pandemia garaia izan zen horren une gorenetako bat.

"Badirudi inoiz baino askeagoak garela eta inoiz baino eskubide gehiago ditugula. Baina hori ez da inola ere horrela. Azken urteetan, gainera, eskubideak eta askatasuna galtzen joan gara"

Badirudi orain, bestalde, positiboa dela gobernu aurrerakoi bat izatea. Baina, finean, askoz ere zabalagoa da dena, eta sistema osoa da kontuan izan behar duguna. Zer aldatuko da gure alde gobernu bat edo bestea izanda, azaleko kontu gutxi batzuk kenduta? Langile batentzat, zer da hobetzen dena? Eta askatasunei eta eskubideei dagokienez ere galde dezakegu hori.

Badirudi sekulako askatasuna daukagula denerako, baina beraiek nahi dituzten produktuak eta kultura erosteko eta kontsumitzeko askatasuna baino ez da daukaguna. Eta bide horretatik pixka bat irtenez gero, badakigu zer dagoen: zentsura, errepresioa eta isilaraztea.

Horregatik uste dut garrantzitsua dela bide horretatik irtetea: salaketak eta aldarrikapenak egitea eta zuzentasunetik aldentzen den kultura bat sortzea; batez ere, kultura "zuri" eta ez-politiko batek erabat inguratzen gaituen honetan. Guk horretan sinesten dugu eta horretan jarraituko dugu. Kontsekuenteak izan behar gara eta ezin gara kikildu. Izan ere, gu kikiltzen bagara, agian arrazoi bat ematen ari gara aurrerago beste batzuen kontra jo dezaten.

NO HAY COMENTARIOS