Europako egoera politiko gero eta tirabiratsuago eta ilunago batean, indarkeria faxista eta eskuin muturrekoa ez da fenomeno marjinal bat, egiturazko mehatxu bat baizik: azken lau hamarkadetan, etengabeko erasoak eta hildakoak eragin ditu Frantziako Estatuan. Violences politiques en France de 1986 à nos jours liburuak, Le Monde-k 2021ean argitaratukoak, orain arteko datu-baserik osatuena eskaintzen du.
Quentin Deranque neonaziaren heriotzaren ondoren eraiki nahi duten biktimizazio-iruditik oso urrun, datuek erakusten dute faxistak direla, estatu-indarkeriatik kanpo, eraso larri eta hildako ia guztiak biltzen dituztenak, motibazio politiko esplizituarekin. Arrazoi ideologikoengatik egindako 53 hilketetatik, talde faxisten biktimak izan ziren hamarretik bederatzi; hau da, 53tik 48.
Fokua zabalduz gero, 1990 eta 2022 artean, hamalau eraso faxista hilgarri izan ziren Frantziako Estatuan, 24 Espainiako Estatuan, 30 Erresuma Batuan eta 98 Alemanian, baina ezberdintasun garrantzitsu batekin: herrialde horietan kopuruak beherantz egin duen bitartean, orain arte behintzat, Frantziako Estatuan indarkeria faxistak gora egiten jarraitu du. 2015 eta 2018 artean 30 eraso larri dokumentatu ziren, eta zifra hori 35era igo zen 2019 eta 2022 artean. Hiru eraso hilgarri izan dira 2019tik, goranzko joera argia berretsiz.
Aldi berean, Frantziako Terrorismoaren Aurkako Fiskaltzak gutxienez hamahiru prozedura ireki ditu 2019tik "eskuin muturreko terrorismoagatik", 52 inplikaturekin; eta instrukzioan dira beste kasu batzuk ere, eraso armatuak eta motibazio arrazistako erailketak egiteko asmoei lotuta, Le Monde eta The Guardian egunkariek jaso dutenez. Jarduera judizial horrek agerian uzten ditu sare militanteak, erasoen planifikatzea, eta mehatxutik ekintzarako jauzia ematera bultzatzen duen ingurune ideologiko bat.

Arrazakeria eta antikomunismoa
Kaleko indarkeria faxistari buruzko azterketek bi bektore nagusi bereizten dituzte: gutxiengoen aurkako arrazakeria eta ezkerraren aurkako biolentzia. 2015 eta 2022 artean, intentsitate handiko 41 eraso faxista inguru izan ziren Frantziako Estatuan gutxiengo etnikoen eta erlijiosoen aurka, eta horietatik heren batek baino gehiagok musulmanak izan zituzten jomuga, gizartean gero eta normalizatuagoa dagoen diskurtso islamofobo batek elikatuta.
Aldi berean, ezkerraren, antifaxismoaren eta etsai politikoen aurkako indarkeria ere areagotu egin da: 2015etik, 22 eraso faxista larri zenbatu dira aurkari politikoen aurka, ia guztiak militante antifaxisten eta ezkerrekoen aurka. Beraz, zortzi erasotik hamalaura egin da jauzi, 2015-2018 aldia eta 2019-2022 aldia alderatuta. Lyon, Paris, Nantes, Marseilla edo Bourgesen behin eta berriz gertatu dira faxisten segadak eta eraso antolatuak; baita taberna, egoitza edo "antifa" gisa identifikatutako ekitaldien aurkako erasoak ere, talde neofaxisten kale-presentzia gero eta handiagoa den testuinguru batean, Le Monde-ren arabera,
Isabel Sommierrek gidatutako ikerketak, gainera, eskuadristek eraso fisikoekin duten "espezializazioa" erakusten du: erregistratutako eraso politikoen bi heren militante faxistei, monarkikoei eta neonaziei egotz dakizkieke, batez ere "bestearekiko gorrotoak" (kasuen %67,2) eta ezkerreko edo arrazakeriaren aurkako militanteen aurkako gorrotoak (%30,8) eraginda. Indarkeria hori "espazio sakratuak" deiturikoetara ere hedatzen da: hilerrien profanazioa erregistratu da, sarritan hilerri juduen aurkakoa, Frantziaren ekialdean kontzentratuta, batez ere Alsazia-Lorrenan; eta meskiten aurkako erasoak izan dira hegoaldean eta hego-mendebaldean, koadro neonazien aldetik batik bat.
Hichem Miraoui eta Aboubakar Cissé: arrazakeria armatua
45 urteko Hichem Miraoui tunisiarraren hilketa 2025eko maiatzaren 31n izan zen, Puget-sur-Argensen (Var), eta aipatutako deribaren kasu esanguratsuenetako eta berrienetako bat da. 53 urteko frantziar batek, "armazalea" omen zenak, bost tiro eman zizkion Miraouiri bere etxearen aurrean. Ikerketaren arabera, hiltzaileak eskuin muturraren eta Bilgune Nazionala (RN) alderdiaren edukiak partekatzen zituen sare sozialetan, baita mezu arrazistak eta islamofoboak ere, armatzera eta "atzerritarrei" erasotzera deituz; bereziki pertsona magrebtarrei.
Terrorismoaren Aurkako Fiskaltzak lehen aldiz ireki zuen ikerketa bat motibazio arrazistako hilketa batengatik, susmagarriak "terrorearen bidez ordena publikoa larriki aldatu" nahi zuela eta ultraeskuindarren inspirazio ideologikoa egon zitekeela iritzita. SOS Racisme bezalako erakundeek diskurtso arrazistaren banalizazioak markatutako "atmosfera toxikoa" salatu zuten, eta ohartarazi zuten krimen hori giro politiko jakin baten ondorio zuzena zela, non musulmanen eta migratzaileen estigmatizazioa normalizatzen eta sozialki legitimatzen den.
Bost aste lehenago, 2025eko apirilaren 25ean, Aboubakar Cissé 22 urteko maliar musulman bat erail zuten labankadaz La Grand-Combeko Khadidja meskitan, Garden. Hiltzaileak 57 labankada eman zizkion, irain arrazistak eginez, eta hilketa grabatu zuen Snapchaten zabaltzeko, Italiara ihes egin aurretik. Azkenean, han entregatu zuen bere burua.
Faxismo frantsesa: familiak
Indarkeria faxistaren olatu gero eta handiago hori osatzen duten taldeei dagokienez, Streetpress-ek egindako kalkuluen arabera, 2025ean, 3.000 militante aktibo inguru zituen Frantziako eskuin muturrak, eta Frantziako Estatuan aktibo zeuden 320 bat taldetan edo tokiko sekziotan kokatzen ziren. Streetpress-ek kategoria hauetan banatzen ditu:
Nazionalista-iraultzaileak
Talde txiki hauek faxismo berritu bat aldarrikatzen dute, ezkerreko tesi sozial batzuk hartuko lituzkeena. Nazioarteko gaietan, erretorika sasi-antiinperialista eta sasi-antisionista bat erakusten dute, periferiako erregimen "nazionalistak" eta "subiranistak" defendatzen dituzten bitartean. Kideek, askotan, hooliganen kode kulturalak hartzen dituzte, eta eremu publikoa menderatzen dutela erakusteko ekintza bortitzak egiten dituzte; militante politikoen, pertsona arrazializatuen edo LGBT pertsonen aurkako erasoekin, besteak beste.
Katoliko integristak
Gerran daude Elizaren eta estatuaren arteko banaketaren aurka. Diskurtso ultrakontserbadorea transmititzen dute: abortuaren eta sexu bereko pertsonen arteko ezkontzaren aurka daude, adibidez, baina baita migratzaileen aurka ere. Sarritan monarkikoei lotuta dauden arren, Frantziako Estatuko mugimenduko bi talde nagusiak Civitas (gobernuak 2023an desegina) eta San Pio X. Anaitasuna dira; prozesio erlijiosoak eta kaleetan otoitzak egiten ditu azken horrek. Kasu batzuetan, Pétain mariskalaren figura eta Vichyren erregimena defendatzen dituzte oraindik.
Monarkikoak
Frantziako Erresumaren nostalgikoen artean, bi eskola nagusi daude: orleanistak eta legitimistak. Bakoitzak bere hautagaia defendatzen du, eta hura tronuan jartzea du amets. Bi korronte horiek gizartearen ikuspegi erreakzionarioa eta katolizismo oso kontserbadorea defendatzen dituzte, eta horrek, askotan, katoliko integristekin nahasten ditu. Action Françaisek (Frantziako Estatuko eskuin muturreko mugimendurik aktiboena, eta RNren eskuinera dagoen talderik handiena), esaterako, "erregearen itzulera" nahi du "nazioaren birsorkuntza organikoa" gauzatzeko, eta, hortaz, Frantziako biztanleriaren sektore batzuk "gorputz arrotz" gisa ikusten ditu. Muturreko koadroak prestatzeko eskola nagusietako bat ere bada AF.
"Nahasleak"
Eskuin muturrak, bere oinarria zabaltzeko, beste eremu politiko batzuetako gaiak edo doktrinak bereganatzen ditu batzuetan. Berdintasunaren eta Adiskidetzearen (Alain Soral buru duen talde txiki bat) jatorrizko leloa da nahasketa ideologikoen ilustrazio ezin hobea: "Lanaren ezkerra eta balioen eskuina". Oro har, horrelako erakundeak biltzen ditu kategoria honek, ideologia konposatuekin, nahiz eta haien artean ez dagoen doktrina-batasun sendorik.
Identitarioak
Ekintza ikusgarrietan eta "agit-prop" deiturikoan espezializatuta, lider identitarioak izan ziren parlamentuz kanpoko eskuin muturraren figura nagusiak 2010eko hamarkadan. 2021ean bere "bandera-ontzia" zen Génération Identitaire desegin izanak mugimendua kolpatu zuen, baina sakon sustraitu dira bere ideiak, RN alderdian kasu. Supremazistak dira, baina beste batzuk baino diskretuago, eta "identitate europar kristaua" defendatzen dute, Europatik kanpoko migratzaileen partetik jasaten ari den "ordezkapena" seinalatuz. "Birmigrazioaren" eta mugak ixtearen alde ere egiten dute.
Hooligan neonaziak
Frantziako Estatuan hamabost talde neonazi inguru daude hooliganismoaren eremuan. Batzuk futbolzaleak dira eta estadioetan klubak animatzen dituzte; beste batzuek, berriz, etiketa hori erabiltzen dute taldeen arteko liskarretan borrokatzeko, horiek duten indarrari kontra egiteko asmoz. Talde horiek ez dute antolakuntza-lotura zehatzik, baina "nazionalista iraultzaile" deiturikoen ekintzak babes ditzakete. Hainbat hooliganek parte hartu dute eraso ugaritan, batzuetan eraso arrazistak; baina baita zalego aurkarien, oinezkoen edo ezkerreko militanteen aurkakoak ere.