ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Donostitik.com
2024/10/24 07:52

Donostian (Gipuzkoa), Kaleko Afari Solidarioak debekatu ditu udalak (EAJ). Ekimenean parte hartzen duten boluntarioek atzo izan zuten erabakiaren berri, udaltzainen bitartez: ahoz jakinarazi zieten udal-gobernuak debekua ezarri diela elkartasun-afariei. Gaurtik aurrera egongo omen da indarrean debekua.

Erabakia justifikatzeko, afari horiek egiteko "baimenik ez" dagoela esan zuen udaltzaingoak. Irutxuloko Hitza-ren esanetan, "segurtasun-arazoak" ekiditea ere hartu du aitzakiatzat udal-gobernuak. Izan ere, joan den astelehenean, Kaleko Afari Solidarioen kontra mobilizatzen hasi zen faxista talde bat Egia auzoan, eta azkenean haiei egin die men udalak.

2020ko azaroan jarri zituzten martxan Kaleko Afari Solidarioak, baliabiderik ez duten pertsonei afariak emateko asmoz. Gaur egun, Donostiako hainbat auzotan antolatzen da ekimena (tartean Egian), eta ehunka laguni bermatzen diete afaria. Egian, Kalkutako Teresa Plazan banatu izan dituzte afariak, gauero-gauero, lau urtez.

Faxisten kontzentrazioa astelehenean

Joan den astelehenean, Egian bildu ziren hainbat faxista, tartean Donostiako PPko hiru zinegotziak, elkartasun-afarien kontra protesta egiteko. Telegram eta Instagram kanal batzuez baliatuta, kontzentrazio bat egin zuten, afari solidarioak banatzen diren ordu eta leku berdinean.

Mezu erabat faxistak, arrazistak eta pobreen kontrakoak zabaldu zituzten. Besteak beste, pertsona migranteak kriminalizatzeko erabili zuten elkarretaratzea: kale-egoeran dauden pertsona magrebtarrak eta lapurreten gorakada izan zituzten hizpide.

Elkartasun-afarietan parte hartzen duen boluntario baten kontra oldartu ziren, gainera: bultza egin zion faxistetako batek. Horretaz gain, mehatxuak egin zizkieten: "Oxala zuei ere lapurtzea", "Oxala zu ere uzkitik bortxatzea", eta abar. Elkarretaratze horiek astelehenero egiteko asmoa erakutsi zuten faxistek.

Ekimena debekatzeko eskaera, iaz

PP alderdiak aurrez eskatu izan du Kaleko Afari Solidarioak debeka zitzatela, kriminalizazio-argudio berdinak erabilita eta "segurtasun-arazoen" atzean ezkutatuta. 2023ko azaroan egin zuen eskaera, baina ez zuen babesik izan udalbatzan.

Gipuzkoako beste hainbat herritan ere egiten dituzte Kaleko Afari Solidarioak, hala nola, Beasainen, Errenterian, Hernanin, Irunen, Lasarte-Orian edota Tolosan.

NO HAY COMENTARIOS