ACTUALIDAD / Represión
Faxismoa txosnagunetik kanpo nahi dutela aldarrikatu dute Barakaldon
Voxek txosnetako aldarri politikoak kriminalizatu eta bi pertsona salatu ostean, protesta bat egin zuten atzo Barakaldoko txosna guztiek; adierazpen faxista guztiei aurre egiteko beharra nabarmendu zuen Goigorri Konpartsak. Aurreko ostiralean, pankarta batzuk kentzeko sartu ziren txosnagunera udaltzainak eta ertzainak.
2026eko uztailaren 15 - 07:49
Faxismoa txosnagunetik kanpo nahi dutela aldarrikatu dute Barakaldon

"Faxismoa txosnagunetik kanpo" argi irakur zitekeen atzo Barakaldoko (Bizkaia) txosnetan egindako elkarretaratzean. Herenegun, Bizkaiko Voxeko hainbat kide hurbildu ziren txosnetara, bertako mezu politikoak kriminalizatzeko bideo bat grabatzeko asmoz: gazte batek kargu hartu zien, eta horregatik ertzainek bi pertsona identifikatu ostean, euren kontrako salaketa jarri du alderdi faxistak, bere esanetan. Voxen jazarpenari erantzun diote txosnek, ordea: horrexegatik egin zuten protesta bat atzo arratsaldean, faxismoa txosnagunetik kanpo nahi dutela aldarrikatuz.

Aipatutako momentuaren bideoa sare sozialetan argitaratu zuen Bizkaiko Voxek, eta orduan jakinarazi zuen Poliziak identifikatutako bi lagunak salatu dituela, "hertsapenagatik", "gorroto-delitu baten larrigarriarekin". Goigorri Konpartsako kideek atzoko kontzentrazioaren amaieran adierazi zuten azken gertakarien aurrean "faxismoaren aurkako edozein adierazpenen aurkako jarrera" berresten dutela, eta aurre egingo dietela "mezu faxistei eta horien ordezkariei". "Faxistei arnasguneak utziz gero, argi dago handitu egiten direla. Ez dira ongietorriak; ez txosnagunean, ez gure auzoetan, ez gure plazetan eta ez beste inon", gaineratu zuten.

Faxisten jazarpenarekin aski ez, eta horren aurretik, ostiral gauean hain zuzen ere, txosnagunera sartu ziren 20 ertzain eta udaltzain inguru: hainbat pankarta kendu zituzten, hala nola, Israelen eta biolentzia polizialaren aurkako mezuak zeramatzatenak.