Datorren abenduaren 18an izango da Tolosako (Gipuzkoa) Ezpala gaztetxearen aurkako epaiketa. Horren harira, pasa den ostiral arratsaldean prentsaurrekoa egin zuen Tolosaldeko Gazte Fronteak (TGF); epaiketaren ondoren, gaztetxetik desalojatuak izateko arriskuan egongo direla adierazi zuten. Ondorioz, "Tolosaldeko eragile asko haien jardun politikoa aurrera eraman ahal izateko inolako espaziorik gabe" geratuko liratekeela salatu zuten TGFko kideek. Ezpalak "usteltzen ari den fabrika abandonatu huts bat izaten" jarraituko duela gaineratu zuten.
Azken urte eta hilabeteetan, espazioa erabiltzen duten antolakunde eta adierazpen politiko ezberdinen jarduna nabarmena izan dela azaldu zuten eta, horientzat guztientzat, ezinbesteko espazio bilakatu dela Ezpala. Horregatik, "antolatu ahal izateko, ekimen kultural, sozial zein politikoak gauzatu eta, oro har, Ezpala erabiltzen duten guztien beharrak asetzeko" espazio baten beharra berretsi zuten. Egoera hori salatzeko, epaiketaren egunean, abenduaren 18an, 20:00tan elkarretaratzera deitu zuen TGFk, Espaziorik gabe antolatzerik ez lemapean.
UDALAREN ERANTZUKIZUNA
Bestalde, egoeraren aurrean Tolosako Udalak behar ezberdinei "erantzuna emateko duen erantzukizuna" nabarmendu nahi izan zuten. Eskatu zuten eragile sozialek dituzten beharretara egokitzea udalaren azpiegitura publikoen erabilera; espazio baten falta duten gainontzeko eragileei ere elkarlanerako gonbidapena luzatu zieten.
Udalaren zenbait jarrera ere salatu
zituzten TFGko kideek: batetik, aurreko asteburuan kalean prestatu zuten argazki
erakusketa bat egiteko baimenik ez eman izana, COVID-19-aren aitzakipean; eta bestetik,
ostiralean bertan egin zuten prentsaurrekorako baimena eskatu bazuten ere, udalak
inolako erantzunik ez eman izana.
HAINBAT OKUPAZIO AZKEN URTEETAN
Tolosan gaztetxe bat eskuratzeko borrokan hainbat okupazio eta beste hainbeste desalojo izan dira azkeneko urteetan. 2015. urtean, Larramendi auzoko fabrika huts batean egin zuen aurreneko okupazioa Tolosako Gazte Asanbladak (TGA). Horren desjabetzearen ondotik etorri ziren Ezpalaren lehenengo okupazioa, Limousin etxearena eta gaur egun Bide-Bide hotela dagoen lokalarena.
Horietatik guztietatik bota zituzten TGAko kideak, eta errepresio kasu ugari izan dira. Horren adibide da pasa den irailean TGAko kide bati egindako epaiketa, 2016ko desalojo baten harira.