Ertzaintzak pilotakadaz erail zuen leku berean egin zuten Iñigo Cabacas oroitzeko ekitaldia Bilbon, larunbatean, apirilak 6. Azken omenaldiak, ostera, izan du berezitasunik. Izan ere, batetik, lehenengoa izan da Cabacas auziko epaia kaleratu zenetik, eta bestetik, Eusko Legebiltzarrean onartu berri dute “Poliziaren gehiegikerien biktimei” buruzko legearen erreforma.
Iazko azaroan jakinarazi zuten Cabacas auziko ebazpena. Bizkaiko Lurralde Auzitegiak ebatzi zuen Cabacasen erailketarengatik auzipetutako sei ertzainetatik bakarra zigortzea, ertzain arduradun nagusia zena. Azken horrek ez duela espetxea zapaldu beharko iragarri zuen auzitegiak, bi urteko espetxe zigorra eta lau urteko inhabilitazioa ezarri baitzizkion. Akusatutako gainontzeko bost ertzainak absolbitu zituen. Ondorioz, senideen abokatuek epaiaren aurkako helegitea aurkeztu dute: “Bide judiziala ez da amaitu oraindik”, gehitu dute.
“Poliziaren gehiegikerien biktimei” buruzko legea ezbaian
Cabacasen lagunek larunbateko ekitaldian azpimarratu zutenez, Eusko Legebiltzarrak onartu berri duen “Poliziaren gehiegikerien biktimen” inguruko legearen erreformak ez du Cabacasen biktima izaera aitortzen. Hain zuzen, 1999ra arteko biktimak baino ez ditu aintzat hartzen.
1978tik 1999ra bitartean “Poliziaren gehiegikeriek eragindako biktimei aitortza eta erreparazioa emateko” aldatu du legea Eusko Legebiltzarrak, gehiengo soilarekin: EAJk eta PSE-EEk baiezko botoa eman zuten (37), EH Bildu eta Elkarrekin Podemos abstenitu egin ziren (28) eta PPk aurkako botoa aurkeztu zuen (9).
2016an ere gisa horretako lege bat onartu zuen Eusko Legebiltzarrak, baina ez zuten indarrean jarri, Espainiako Gobernuak helegitea jarri baitzion, PP agintean zela. PSOEk agintea hartzean, adostasuna lortu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak: legea hezurmamitzen zuen testua moldatu zuten, eta Espainiako Gobernuak Auzitegi Konstituzionalean jarritako helegitea kendu zuen.
Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak adostutako aldaketen artean, delituak egiaztatzeko, auzitegiek aurretik ebatzitakoa kontuan izatea onartu zuten. Bestalde, oinarri gisa ezarri zuten “gehiegikeria” horien erantzuleak bilatu beharrean, “biktimei laguntza ematea” izango dela egitasmoaren helburua. Ikuspuntu horretatik abiatuta, hiru artikulu aldatu zituzten.